Politika -

''Bideragarria bada''

ANk Iñaki de Juana Venezuelan dagoen baieztatzeko eskatu dio Interpoli

Bestalde, Rafael Catalak azaldu duenez, hasierako urratsa auzitegietatik eman behar dute eta, ondoren, Gobernuak eskatu behar dio Venezuelari.

De Juana Chaos Venezuelan aurkitu du 'El Mundo' egunkariak

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Iñaki de Juana Chaos ETAko kide ohia Chichiriviche herrian (Venezuela) dagoen konfirmatzeko eskatu dio Interpoli, Auzitegitik jakinarazi dutenez.

Auzitegi Nazionaleko 6 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko titularrak eskaera igorri du Interpolek Espainian eta Venezuelan dituen bulegoetara De Juana Chaos Venezuelako Falcon estatuan bizi den baiezta dezaten eta, hala izanez gero, estradizio prozesuari ekin diezaioten.

De Juana ETAko kide ohia likore-denda baten jabe da, antza, Chichiriviche hirian, 2014ko amaieratik, El Mundo egunkariak argitaratutakoaren arabera.

Aurretik ere egin du Velascok eskaera hori. Maiatzean gauza bera eskatu zion Interpoli, De Juanari merkataritza-zentro batean argazki bat egin eta gero. 1990ean Hego Amerikako herrialde horretako Gobernuarekin sinatutako hitzarmenaren arabera, estradizioa posible da, baina bakarrik bi urtetik gorako zigorrarekin zigortzen den delitu bat leporatzen badiote, eta hori da, hain justu, egotzi dioten delituagatik ezar diezaioketen zigorrik handiena.

Halere, Espainiako informazio zerbitzuek aspalditik zekiten De Juana Venezuelan zegoela, terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek gaur bertan baieztatu dutenez.

Gobernuak "aztertu egingo du"

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren esanetan, Gobernuak aztertu egingo du Iñaki de Juana ETAko kide ohiaren estradizioa eskatzea, eta, bideragarria bada eta Justiziak onartzen badu, “argi dago” eskatu egingo duela.

PPren Batzorde Exekutibo Nazionalera heldutakoan egin ditu adierazpenak Fernandez Diazek, El Mundo egunkariak argitaratutako albiste baten inguruan galdetuta. Hedabidearen arabera, De Juana Venezuelan dago, eta denda batean egiten du lan. Ministroaren hitzetan, PSOEren Gobernuak espetxe araudiaren 100.2 artikulua aplikatu zuen eta egungoak estradizioa aplika daitekeen aztertuko du.

Fernandez Diazen arabera, legealdi honetan 131 pertsona atxilotu dituzte ETArekin lotura zutelakoan. Justiziarekin auziren bat bete gabe zuten eta De Juana “ez da salbuespen izango”, gaineratu du.

“Argi dago ez dagoela gose-greban”, erantzun du Fernandez Diazek, hedabideetan kaleratu diren De Juanaren azken argazkien inguruan galdetu diotenean.

"Urratsa, auzitegietatik"

Rafael Catala Justizia ministroaren hitzetan, estradizioa “Justizia arloan hasi beharreko izapidea” da, eta, hortaz, eskaria Auzitegi Nazionalak egitea espero duela erantsi du.

Sevillan egin ditu adierazpen horiek ministroak, Andaluziako Alderdi Popularrak antolatutako mahai-inguru batean parte hartu aurretik, Juanma Moreno Juntako Presidentetzarako hautagaiarekin eta Juan Ignacio Zoido Sevillako alkatearekin batera.

Catalak azaldu duenez, hasierako urratsa auzitegietatik eman behar dute eta, ondoren, maila politikoan. Hori dela eta, “litekeena da Espainiako Gobernuak Venezuelako Gobernuari estradizioa eskatzea”, gaineratu du.

“Espainian hainbat auzi epaitu gabe baldin baditu eta zigorra bete gabe baldin badu, ez dago zalantzarik, Auzitegi Nazionalak aurrerapausoa ematea espero dugu, eta, Justizia Ministerioaren bidez, Venezuelari eskatuko diogu”, ministroaren esanetan.

"Argudio juridikoa eta legala"

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren esanetan, Barne Ministerioak De Juanaren estradizioa eskatzen badu, “argudio juridikoa eta legala” izango da.

Beltran de Herediak “Arkaute Parez Pare” jardunaldiak aurkeztu ditu gaur Gasteizen, Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariarekin batera. Sailburuak esan du gai horren inguruan ez duela ekarpenik egiteko.

Halaber, eta Jorge Fernandez Diazek egindako adierazpen inguruan galdetuta, Beltran de Herediak esan du “espedientea ezagutu beharko nuke”, baina “ministroak esan baldin badu, hala jarduteko argudio juridiko eta legala duelako izango da”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika ETA