Politika -
Asanblada Nazionala
Frantziako Gobernuaren aurkako zentsura-mozioak porrot egin du
234 diputatuk babesa eman diote mozioari, baina 289 behar zituen aurrera ateratzeko. Ondorioz, 'Macron legea' automatikoki onartu du Asanblada Nazionalak.
Erredakzioa
Manuel Valls lehen ministroaren Gobernuaren aurka zentsura-mozioa aurkeztu zuen oposizioak, baina atzera bota dute gaur Asanblada Nazionaleko diputatuek. Ekimenak ez du gehiengo absolutua lortu.
234 diputatuk babesa eman diote mozioari, baina 289 behar zituen aurrera ateratzeko. Ondorioz, ‘Macron legea’, liberalizazio ekonomikoaren araudia, automatikoki onartu du Asanblada Nazionalak.
Sarkozyren UMP alderdiko 198 diputatuek zentsura-mozioaren aldeko botoa eman dute. UMP oposizioko alderdi nagusia da.
Zatiketa
Hala ere, beste talde guztietan zatiketa nagusi izan da. UDIk UMPrekin batera zentsura-mozioa aurkeztu zuen, baina azkenean zazpi diputatuk ez diote ekimenari babesik eman. Guztira, UDIk 30 diputatu ditu.
Ezkerreko Fronteak ere mozioari babesa eman behar ziola iragarri zuen, baina bozketan zatitu egin da. Horrela, sei diputatuk aldeko botoa eman dute, baina gainerakoek ez. Guztira, 15 ordezkari ditu.
Lege-proiektua onartzeagatik zoriondu da MEDEF Frantziako patronala. MEDEFen hitzetan, “erreformatzea zaila da (…), baina ezinbestekoa”. Orain legea Senatura helduko da.