Politika -
ETA-ren biktimak
Senideek Buesa eta Diez gogoratu dituzte hilketen 15. urteurrenean
Lore eskaintza egin dute ETAk hil zituen tokian dagoen monolitoaren aurrean.
Erredakzioa
Fernando Buesaren eta Jorge Diezen senideek lore eskaintza egin diete gaur Gasteizen, hain zuzen ere, ETAk hil zituela 15 urte bete diren egun berean. Senide eta lagunez gain, hainbat alderdi politikoetako ordezkari ere omenaldi ekitaldian izan dira.
Aste honetan, Buesa eta Diez gogoratzeko hainbat ekitaldi egin dituzte. Gaur, lore eskaintza bat egin dute ETAk bonba-auto batekin hil zituen tokian bertan dagoen monolitoaren aurrean.
Ekitaldian ez da hitzaldirik izan eta lore eskaintza egin duten bitartean Imanolen "Ausencia" abestia entzun ahal izan da. Buesaren eta Diezen senideez gain, ekitaldian erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariek parte hartu dute.
Lore eskaintzan izan dira, besteak beste, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Gorka Urtaran (EAJ), Rafa Larreina (Amaiur) eta Ramon Rabanera (PP).