Politika -

Arabako Fiskaltzak

Gasteizko epaileak onartu du Hiriko auzia ikertzen hastea

Arabako Fiskaltzak bultzatutako auziaren instrukzioa irekiko du orain epaileak. Hasiera batean inputatutako sei enpresa-buruei deklarazioa hartuko die. Horietatik bik EAJrekin harremana dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiriko auziaren harira Arabako Fiskaltzak jarritako kereila tramitatzea onartu du gaur goizean Gasteizko 3. Instrukzio Auzitegiak , ibilgailu elektrikoaren egitasmoaren inguruko ustezko irregulartasunak ikertzeko.

Horrenbestez, Arabako Fiskaltzak bultzatutako auziaren instrukzioa irekiko du epaileak. Ziurrenik, hasiera batean inputatutako sei enpresa-buruei deklarazioa hartuko die. Horietatik bik EAJrekin harremana dute.

Josu Izagirre Arabako fiskalburuak ondorioztatu zuenez, Hiriko auto elektrikoaren proiektua diru publikoaz jabetzeko sortu zuten horren sustatzaileek.

Fiskaltzak auzi honen harira Gasteizko 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegian jarritako kereilaren edukia publikatu zuen iragan astean, "espekulazioak eteteko" eta "kereilarekin nahasita ez daudenei kalte egitea saihesteko".

Sei pertsonaren eta Afypaida irabazi asmorik gabeko elkartearen aurka aurkeztu du Fiskalak kereila. Hauen kontra, hain zuzen ere: Jesus Maria Pancracio Echave, Fernando Achaerandio, Francisco Javier Calera, Iñigo Antia, Jose Luis Bengoetxea eta Jose Barreira.

Funts publikoak bidegabe erabiltzea, agiriak faltsutzea, Administrazioari iruzur egitea, diru-laguntza publikoekin iruzur egitea, diruaz bidegabe jabetzea eta dirua zuritzea egotzi die.

Fiskalburuaren hitzetan, "automobilgintzaren sektorean inolako esperientziarik edota azpiegiturarik ez bazuten ere", pertsona horiek "plan bat adostu zuten funts publikoez jabetzeko, ibilgailu elektriko bat eraikitzea aitzakia gisa hartuta".

Ministerio Publikoaren arabera, aipatutako sei pertsona horiek "elkarte-sorta bat" eratu zuten, helburu batekin: "Proiektua arrakastatsua bazen, eurek beraiek jasotzea mozkinak; alabaina, huts egiten bazuen, administrazio publikoek inbertitutakoa ezin berreskuratzea".

Afypaida elkarteari dagokionez, diru publikoa jasotzen zuela eta, ondoren, gainerako elkarteen artean banatzen zuela azaldu du fiskalak.

Administrazio publikoek 17 milioi euro eman ziztuzten

Hiriko proiektua 2010eko urtarrilean aurkeztu zuten, eta euskal enpresa talde batek eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak garatu zuten. Administrazio publikoek 17,7 milioi euro eman zituzten: 15 milioi, Espainiako Gobernuak, eta 2,7 milioi, Jaurlaritzak. Proiektuak, baina, porrot egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba