Politika -

Diputatuen Kongresua

Estatuaren egoerari buruzko eztabaida jarraitzeko gida

Mariano Rajoy izango da hitz egiten lehena, eguerdian. Oposizioko taldeen txanda arratsaldean hasiko da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuaren egoerari buruzko XXV. eztabaida eguerdian hasiko du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. Besteak beste, abenduko goi-bilera europarra eta legegintzaldiko balantzea hartuko ditu hizpide. Gainera, baliteke kutsu soziala duen neurriren bat ere iragartzea. Nahi beste hitz egin dezake, ez baitu denbora mugarik.

Rajoreyn hitzaldiaren ostean, saioa eten egingo dute, bazkaltzeko, eta 16:00etan ekingo diote berriz. Oposizioko taldeen txanda izango da orduan, handienetik txikienera. Bozeramaileek 35na minutu izango dituzte lehenengo, eta 15 eta 10 minutukoak, gero, Rajoyren erantzunei erantzuteko.

Jesus Posada Diputatuen Kongresuko presidenteak malgua izango dela aurreratu du.

16:00etan, Pedro Sanchez (PSOE) izango da hitz egiten lehena. Ondoren, hauek pasatuko dira oholtzatik: Josep Antoni Duran i Lleida (CiU), Alberto Garzon (IU), Joan Coscubiela (ICV) eta Rosa Diez (UPyD).

Aurreko urteetan, saioa puntu horretan eten dute, hurrengo egunean gainerako taldeekin jarraitzeko. Aurten ere hala gertatzen bada, bihar ondokoek hitz egingo dute, ordena honetan: Aitor Esteban (EAJ), Sabino Cuadra (Amaiur), Alfred Bosch (ERC), Olaia Fernandez Davila (BNG), Ana Oramas (CC-NC), Joan Baldovi (Compromis-Equo), Enrique Alvarez Sostres (Foro Asturias), Carlos Salvador (UPN) eta Uxue Barkos (Geroa Bai). Rafael Hernando (PP) izango da azkena.

Rajoyk bederatzigarren eztabaida izango du gaurkoa; hirugarrena, Espainiako Gobernuko presidente denetik. Alabaina, lehenengoa izango da Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarentzat eta Alberto Garzon IUko presidentegaiarentzat.

EBAZPENEN BOZKETA

Taldeek biharko 14:00ak arteko epea izango dute ebazpen proposamenak aurkezteko. Asteazken arratsaldean, gainera, zuzenketak aurkeztu ahalko dituzte.

Ebazpenen bozketa hurrengo egunean, ostegun goizean, egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Espainiako Gobernua Espainia bideoak