Politika -

Eusko Legebiltzarrean

Buesa eta Casas omendu dituzte, bi minutuko isilunearekin

Kontrol saioa hasi aurretik, omenaldia egin dute Legebiltzarreko talde guztietako ordezkariek (EAJ, EH Bildu, PSE, PP eta UPyD).

Buesa eta Casas omendu dituzte Legebiltzarrean

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi minutuko isilunea egin dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, Fernando Buesa eta Enrique Casas legebiltzarkide sozialistak omentzeko. ETAk hil zuen Buesa, eta Komando Autonomo Antikapitalistek, Casas.

Hilketa horien urteurrenak gogoratzeko, kontrol saioa hasi aurretik, omenaldia egin dute Legebiltzarreko talde guztietako ordezkariek (EAJ, EH Bildu, PSE, PP eta UPyD). Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jaurlaritzako sailburuek ere hartu dute parte omenaldian. Isilunea txalo artean amaitu dute.

Isilik eman dituzten minutuetan, Buesaren eta Casasen argazkiak erakutsi dituzte bozketarako paneletan.

Komando Autonomo Antikapitalistek 1984ko otsailaren 23an hil zuten Enrique Casas. ETAk, berriz, 2000. urteko otsailaren 22an hil zuen Fernando Buesa, Jorge Diez Elorza bizkartzainarekin batera.

Otsailaren 18an erabaki zuen Legebiltzarreko Mahaiak eraildako lau legebiltzarkideak (Buesa, Casas, Gregorio Ordoñez eta Santiago Brouard) omentzea.

Orain arte, Legebiltzarreko kanpoaldean egin dituzte omenaldiak, baina, hemendik aurrera, eta Mahaiak erabakita, barruan egingo dituzte, bilkura-gelan.

Egun osoan zehar, kanpoaldeko su-ontzia piztuta egongo da, eta, ondoan, Buesaren eta Casasen argazkiak izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA albisteak