Politika -

Proposamena

Gizarte-laguntzak kontrolatzeko hatz-marka erabili nahi du Marotok

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak esan du Jaurlaritzak ez duela hatz marka erabiliko "herri honetako pertsona kolektibo bat estigmatizatzeko".

Laguntzak kontrolatzeko hatz-aztarnak erabiltzea proposatu du Marotok

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten pertsonak identifikatzeko, Lanbiden hartz-marka erabiltzea proposatu du Javier Maroto Gasteizko alkate eta legebiltzarkideak. Proposamena Eusko Legebiltzarrera eraman du Marotok, bertan eztabaidatu dezaten.

Laguntza horiek ematerako orduan erabiltzen diren irizpideak aldatzeko kanpaina abiatu zuen orain hilabete batzuk Gasteizko alkateak, eta “Laguntza justuagoak” herri-ekimena babestu du.

Gizarte-laguntzen kontura bizitzea egotzi zien Marotok etorkinen kolektiboari. “Egia handia da etorkinen kolektiboak, marokoarrak eta aljeriarrak, esaterako, hiritar guztiek ordaintzen dituzten zerbitzu sozialen kontura bizi direla”, adierazi zuen orduan Marotok.

Adierazpen horien aurrean, SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri elkarteek ikerketa abiarazteko eskatu zioten fiskalari.

Laguntza horien hartzaileak identifikatzeko, Lanbiden hatz-marka erabiltzeko proposamena erregistratu du Marotok Legebiltzarrean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta hobeto kudeatzeko asmoz.

“Teknikoki edota juridikoki” laguntza horien erabiltzeen nortasuna ezagutzea “beharrekotzat” jotzen denean erabiliko litzateke hartz-marka, PPren arabera.

“Pasaporte faltsuak erabiliz egindako iruzurrarekin amaitu behar du Jaurlaritzak. Iruzur horren bitartez, pertsona bakar batek laguntzak hamar aldiz kobratzen zituela atzeman genuen”, azaldu du.

Toña, kontra

Horren aurrean, Angel Toña Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak esan du Jaurlaritzak ez duela hatz marka erabiliko "herri honetako pertsona kolektibo bat estigmatizatzeko".

Ser irrati-katean adierazi duenez, ezin da horrela jokatu: "'Jarri hemen hatz marka, eta gainerakoek? Gainerakoek ez dute inporta'. Hori ezin da horrela izan".

Sailburuak berretsi du hatz-marka digitalarena kontu teknologikoa dela eta, "hori lortu nahi bada, baliabide asko" behar direla, "neguko goiz polit batean esatetik harago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gorka Urtaran albisteak