Politika -
Elkarrizketa ETB-n
Erkoreka: 'Euskarazko aktek gaztelerazkoen balio bera dute'
Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, aktak euskara hutsean ulertzeko baliabideak dituzte euskal erakundeek. Urquijok errekurtsoa aurkeztu du.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erakundeen arteko komunikazioetan euskara erabiltzeak "gaztelaniak beste balio du", erakundeek ulertzeko baliabide nahikoak dituztelako.
ETBri eskainitako elkarrizketan, aktak euskara hutsean idazteagatik Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duten ordezkariak 22 udalen kontra aurkeztutako errekurtsoen harira mintzatu da Erkoreka.
Bozeramailearen arabera, Jaurlaritzak aholkularitza juridikoa eman die udaloi, eta Euskararen Legearen inguruko txostena prestatu du.
Egun indarrean dagoen Legeak zalantza ugari eragiten ditu komunikazio ofizialak idazteko erabil daitekeen hizkuntzaren inguruan. Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren Udal Legeak zalantza horiek "argitu" egingo dituela nabarmendu du, eta, beraz, "Urquijok ezingo dio araudiari heldu errekurtsoak aurkezteko".
Elebitasun simetrikoa
Erkorekaren esanetan, Euskararen Legea onartu zutenean "elebitasun simetrikoa" bultzatzearen alde egin zuten; hots, aktak bi hizkuntzetan egin behar izatearen alde. "Une hartan, euskaraz ere jasotzea aurrerapausoa zen, dena gazteleraz egiten baitzen".
Hori zehazten duen artikulua erakundeen eta herritarren arteko harremanari dagokio, baina "Administrazioaren baitako harremanetan artikulu hori defendatzeak ez du zentzurik, erakundeek bi hizkuntza ofizialak ezagutzen dituztelako", argudiatu du Erkorekak.