Politika -
Andaluziako hauteskundeak
PSOEk irabaziko lituzke bozak,baina ez luke gehiengo absolutua lortuko
Andaluziako PSOEk 44 eserleku lortuko lituzke, gehiengo absolutua eskuratzeko beharrezkoak direnak baino 11 gutxiago. Beraz, hautagai sozialistak itunak egin beharko lituzke gobernatzeko.
Erredakzioa
PSOEk irabaziko lituzke Andaluziako martxoaren 22ko hauteskundeak, 44 eserleku eskuratuta, CIS etxeak egindako azken galdeketaren arabera. Dena den, gehiengo absolutua lortzetik urrun geldituko litzateke, hain zuzen ere, 11 eserlekura. Beraz, Susana Diaz hautagai sozialistak itunak egin beharko lituzke gobernatzen jarraitzeko.
CIS etxeak urtarrilaren 30a eta otsailaren 17a bitartean 3.130 elkarrizketa egin ditu. Bertatik ateratako emaitzen arabera, sozialistek hiru eserleku galduko dituzte 2012ko hauteskundeekin alderatuta, baina PPren atzerakadak mesede egingo die; izan ere, 50 diputatutik 34 izatera pasatuko dira.
Aipaturiko ikerketaren arabera, Podemos alderdiak 21 eta 22 eserleku artean eskuratuko ditu eta Ciudadanos alderdiak, berriz, bost. Bestalde, Izquierda Unida (IU) alderdiaren beherakada nabarmena iragartzen du, 12 eserlekutatik laura edo bostera igaroz. Bestalde, UPyD alderdia Andaluziako Parlamentutik at geldituko litzateke.
Gobernu egonkorra lortzeko, berriz, Susana Diezek PPrekin edo Podemosekin ituna egin beharko luke.
Sozialistek botoen % 34,7 lortuko lituzkete, popularrek baino bederatzi puntu gehiago (% 25,7). Halaber, hirugarren eta laugarren postuetan leudeke Podemos (% 19,2) eta IU (% 6,6).
Hala ere, boto intentzio zuzenari dagokionez, sozialistak daude buruan (% 25,5), Podemosen (%13,7) eta PPren (% 12,8) aurretik.
Galdeketan parte hartu dutenen % 32,9k nahiago dute Susana Diez egungo Andaluziako presidenteak karguan jarraitzea. Aldiz, % 9,9k hautagai popularraren alde egin dute eta % 2,8k, berriz, IUkoaren alde. Dena den, parte-hartzaileen % 23,8k "besteak" aukera babestu du.
Parte-hartzeari buruz galdetuta, inkestatuen % 66,9k martxoaren 22ko bozetan parte-hartuko dutela ziurtatu dute, baina % 41,3k ez daukate beren botoa erabakita.