Politika -
Ustelkeria
'Barkamena eskatzea ez da nahikoa, herritarrak ekintzen zain daude'
Ustelkeria kasuek PSOEri eragiten diotenean 'burua lur azpian' ez sartzeko dei egin die Andaluziako presidenteak alderdikideei.
Erredakzioa
Susana Diaz Andaluziako Gobernuko presidenteak adierazi du ustelkeria kasuen aurrean ez dela nahikoa barkamena eskatzea edota itunez hitz egitea, "izan ere, horrek ez ikusiarena egiteko saiakera dirudi, ez benetan egoerari aurre egiteko nahia". Horren iritziz, herritarrek dagoeneko ez dituzte politikarien hitzak sinesten.
Europa Press albiste agentziak Madrilen antolatutako gosari informatibo batean parte hartu du Susana Diazek, eta, beste hainbat gairen artean, ustelkeria izan du hizpide. Diazen esanetan, "herritarrak ekintzen zain daude", eta "kosta ahala kosta ustelkeriari aurre egitea espero dute". Krisia amaitzen denean gaia ez dela arinduko gaineratu du.
Andaluziako Gobernua ustelkeriari aurre egiteko konprometituta dagoela nabarmendu du, "erortzen dena erortzen dela", eta ustelkeria kasuek PSOEri eragiten diotenean "burua lur azpian" ez sartzeko dei egin die alderdikideei.
Nolanahi ere, alderdien sistema "gardenagoa eta hurbilagoa" izateko lan egitea eskatu du, baina "modeloarekin amaitu gabe". Diazen ustez, zuhaitzek ezin digute basoa ikustea galarazi, eta "hiritarrak ustelkeria kasuekin lotsatuta jaikitzen badira, sistemak funtzionatzen duelako eta horiek azaleratzen dituelako da". Polizia, epaile eta hedabideen lana nabarmendu du, horren harian.