Politika -
9 urteko ibilbidearen ondoren
Lokarrik agur esan du, 2020an 'ametsa' betetzeko proposamenarekin
Akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sarea 2020an elkarbizitza nolakoa izatea nahiko lukeen azaldu du.
Erredakzioa
Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak agurtzeko ekitaldia egin du gaur Bilbon, 9 urteko ibilbideari amaiera emanez.
Lokarrik 2020a jarri du epemuga gisa bake prozesuan garrantzitsuak diren hainbat pauso emateko. Hala, ordurako ETAk armamendu guztia deuseztatzea espero du, legez kanpoko armak "arriskutsuak" direlako "herritarrentzat, eta mehatxupean dauden pertsona guztientzako oroitzapen justifikaezina". Gainera, 5 urteko epean ETAk "egindako min injustua" errekonozitzea, ETAren eta "talde parapolizialen" biktima guztiek "errekonozimendua eta konponketa jasotzea", eta presoak gerturatzea nahi du.
Horiek dira, hain zuzen, herritarren sareak 2020rako duen "ametsa", eta bide horretan ezinbestekotzat jo du alderdi politikoen partehartzea: "Atzerapen eta aitzakia gehiagorik gabe, foro batean bil daitezela hitz egiteko eta elkarbizitzarako oinarrian jartzeko".
Bilboko Eliseoko Zelaiak Antzokian egin du Lokarrik 'agur' esateko ekitaldia, eta bertan hitz egin dute Paul Rios koordinatzaileak, Brian Currin eta Alberto Spektorowski Nazioarteko Harreman Taldeko kideek, eta Victor Aierdi eta Jonan Fernandez (Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Elkarbizitza idazkaria) Elkarriren sortzaileek. Gainera, ekitaldian izan dira, besteak beste, Pernando barrena eta Rufi Etxeberria Sortuko kideak, eta Iñigo Iturrate jeltzalea.
Lokarriren ekarpen dokumentua irakurri du Paul Riosek. Bertan, herritarren sareak dio "amets gehienak" bete dituela eta 2006an baino elkarbizitza "hobea" izaten lagundu duela.
Azaldu duenez, "gure historiaren aro latz honi amaiera emateko aukera handia dago", indarkeriari erreferentzia eginez.
Dena dela, eta euskal herritarren errealitatea "askoz hobea" dela onartu arren, ez dela "behar eta merezi" dutena azpimarratu du. Horregatik, bost urte barru, 2020ean, elkarbizitza zein puntutan egotea gustatuko litzaiekeen jakinarazi dute.
Jomuga, 2020
2020rako "indarkeriaren biktima guztiak, ETArenak eta talde parapolizialenak, errekonozimendua eta konponketa" jasotzea nahi du Lokarrik. "Horien oroitzapena izango da berriro ez errepikatzeko eredua", berretsi du.
Urte horretarako ETAk "bere esku duen armamendu guztia" deuseztatzea ere eskatu du. Era berean, bost urteren buruan ETAk "eragindako min injustua" aitortzea eta biktimei eta horien senideei barkamena eskatzea gura du.
Herritarren sareak espero du ordurako Espainiako Estatuak ikerketak abian jarri izana "giza eskubideen urraketetan, torturan barne, izan duen inplikazioa argitzeko".
Gainera, salbuespenezko legeak indargabetzea eta presoak euskal herriratzea eskatu du, alderdiei presoen "gizarteratze" programa bat adosteko exijentziarekin batera.
Epe berean, alderdi politikoek "elkarbizitza, memoria eta adiskidetzea sustatzeko oinarriak" jarriko dituztela espero du, eta eskolak eta gizartea "bake kultura bultzatzeko egitasmo batean" inplikatzea.
Agurra
Amaieran, Paul Riosek esan du bi sentimendu nagusi zituela: "esker handia" eta "galera". Izan ere, 19 urte zituenetik (41 urte ditu orain) Elkarrin hasi zen lanean, eta Lokarrin, gaurdaino.
Euskal gizarteak elkarbizitza lortzeko "inoiz izan dituen baldintza onenak" dituela eta "etorkizuna denon artean eraikitzea" posible izango dela adierazi du, ziur.
Alberto Spektorowski Nazioarteko Harreman Taldeko kideak ere hitz egin du eta, euskal presoak euskal herriratzeko bidean, euskal alderdi politikoei "unean uneko koalizioa" osatzea eskatu die, ez delako "gai politikoa, giza eskubideen alorrekoa baizik".
Brian Currinek, berriz, Lokarrirekin bereganatu duen "esperientzia handia" azpimarratu du. Amaierako hitzaldian, Nelson Mandela herrikidearen esaldi bat aipatu du, eta "arma indartsuena bakea" dela esan du.
Bestalde, Jonan Fernandezek Elkarriren eta Lokarriren lana goraipatu du, eta, indarkeriaren aurrean "pasibo" egotea leporatu bazaio ere, "euskal gizarteak bakearen alde lan handia" egin duela esan du.