Politika -

Zigorrak pilatzea

Plazaolaren 'filtrazioa' ikertzeko eskatuko du Gorenak

Rafael Catala Justizia ministroak esan duenez, filtrazioa egon ote zen argitzeko onena Gorenak ikerketa egin arte itxarotea da.

Hautsak harrotu ditu Alberto Plazaolaren ihesak

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko presidenteak Alberto Plazaola ETAko preso ohia libre uzteko erabakia bertan behera utzi zuen ebazpena "filtratu" zen argitzeko ikerketa agindu du. Plazaolak Frantzian betetako zigorra aintzat ez hartzea erabaki zuen Auzitegi Gorenak, baina Guardia Zibila hura atxilotzera joan zenean, ez zuen Oñatiko etxean topatu.

"Auzitegi Goreneko presidente naizen aldetik, filtrazio hori ikertzea eskatu dut. Erantzulea nor izan den zehazten saiatuko gara, eta erantzukizunak eskatuko ditugu, Justiziari min eman baitzaio", agertu du.

Plazaola atxilotzera joan eta topatu ez izanak polemika sortu du. Plazaola atxilotzeko agindua Auzitegi Nazionalak eman behar zuen (arratsaldean eman zuen), eta horren zain egon omen zen Guardia Zibila. Gorenak goizean hartu zuen erabakia, eta berez, Auzitegi Nazionalak agindua eman arte, ez zuten ebazpenaren berri eman behar. Hedabideetan, ordea, eguerdi aldera zabaldu zen albistea. Lesmesen esanetan, "filtrazio bat" izan da auzi honetan, justizia erakundeen artean komunikazioa "zabala" bada ere. "Neutraltasun informatiboz eta justiziaren interesak defendituz aritzen gara", adierazi du. Kasu honetan, ordea, ez da halakorik gertatu, Goreneko presidenteak aitortu duenez: "Zoritxarrez filtrazio bat egon da, ez da normala", erantsi du.

Catala, Gorenaren ikerketak zer esango zain

Rafael Catala Espainiako Justizia ministroa zuhur agertu da, eta filtrazioa egon ote zen argitzeko onena Gorenak ikerketa egin arte itxarotea dela azpimarratu du. Izan ere, ohartarazi duenez, ez daki Plazaolaren ihesaldia "aurretiaz izandako informazioa"ren ondorioz gertatu ote zen. Catalaren esanetan, Gorenaren ikerketak "egoera argitu eta benetan jazo zena argituko du".

Kazetariek egindako galderei erantzunez, Estatuko segurtasun indarrek Plazaola topatzeko "eginahalak" egingo dituztela esan du Catalak.

Atxilotzeko agindua, astearte arratsaldean

Europako beste estatuetan (Frantzian, kasu honetan) betetako zigorrak kontuan hartzeko Europako zuzentarauari jarraiki, Santiago Arrospide eta Alberto Plazaola libre uztea ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak abenduan. Fiskaltzak erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen Gorenean, eta azken honek astearte goizean onartu zuen. Arrospide badaezpadako presoaldian zegoen, beste auzi batzuk tarteko, baina Plazaola libre zegoen. Hortaz, hura atxilotzeko agindua eman behar zuen Auzitegi Nazionalak.

Justiziako iturriek azaldu dutenez, Auzitegi Nazionalak Gorenaren ebazpena jaso bitartean, ez zen erabakiaren berri eman behar.

Guardia Zibileko iturriek nabarmendu dutenez, astearte arratsaldean heldu zitzaien Plazaola atxilotzeko agindua, baina ordurako jakina zen Gorenaren erabakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena albisteak Presoak albisteak ETA