Politika -

Radio Euskadi

'Estortsioa maila baxuko indarkeria gisa hartzeak sumindu egiten nau'

Hala adierazi du Guillermo Zubia Confebaskeko idazkari nagusi ohiak Radio Euskadin, ETAren estortsioaren ondorioei buruz egin den tertulian.

Jose Guillermo Zubia CONFEBASKeko idazkari nagusi ohia. Argazkia: EiTB
Jose Guillermo Zubia CONFEBASKeko idazkari nagusi ohia. Argazkia: EiTB
Jose Guillermo Zubia CONFEBASKeko idazkari nagusi ohia. Argazkia: EiTB

O.A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Guillermo Zubia Confebaskeko idazkari nagusiak adierazi duenez, estortsioa fenomeno ekonomiko edota maila baxuko indarkeria gisa ulertzeak sumindura eragiten dio.

Zubiak azpimarratu duenez, estortsioa "pertsona baten eta haren inguruaren erabakitzeko eta bizipen gaitasuna bahitzea da".

Hala mintzatu da Confebaskeko buruzagi ohia Radio Euskadiko Boulevard saioan, Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroa ETAren estortsioaren ondorioez egiten ari den ikerketari buruz egindako mahai inguruan. Aipaturiko irratsaioan parte hartu dute baita ere Izaskun Saez ikerketako zuzendariak eta Josu Ugarte ikerketa taldeko kideak.

Azaldu duenez, ETAk enpresariei egindako xantaia "eskutitzen arazo bat baino zerbait gehiago izan zen", izan ere, 30 hildako, 50 bahitu eta hainbat atentatu jazo ziren. Dena den aitortu du, ETAk oso modu errazean eragiten zuen beldurra eskutitzak bidalita. Guztira, ETAk 10.000 eta 15.000 lagun estortsionatu zituela uste dute.

Bestalde, sentikortasunik gabeko garai asko izan direla zehaztu du, bai erakundeen aldetik eta baita gizartearen aldetik ere. Gogoratu duenez, hainbat politikarik eta erakundek xantaia kasuen aurrean aholku hau ematen zieten biktimei: "konpon ezazu zerorrek edo akordio bat lor ezazu". Halaber, gizarte kontzientziazioa "duela gutxi" heldu dela adierazi du. "70eko hamarkadan, ziur asko inork ez zion gertatzen zitzaionaren berri ematen erakundeei", gaineratu du.

Euskal patronaleko buruzagi ohiaren arabera, zenbait unetan gizarte instituzionalak ez zien "beharrezko estaldurarik ematen" mehatxatuei, "baliabide falta tarteko". Halaber, garrantzitsutzat jo du Ertzaintzak "gaitasun operatibo pixka bat" irabazi zuen unea, eta ildo horretan, Juan Maria Atutxa Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu ohiari errespetua, mirespena eta estimua diola azpimarratu du.

Gainera, euskal enpresariek erakutsitako erresistentzia gaitasuna goraipatu du, "litekeena da aberats batzuk alde egitea, baina enpresari gehienek gelditzea erabaki zuten". Horren esanetan, "Euskadiko enpresa gehienak maila ertainekoak direla kontuan hartuta, enpresariek ihes egin balute, ez litzateke enpresarik izango".

Deustuko Unibertsitatearen ikerketa

Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroa ETAren estortsioak izandako ondorioei buruzko ikerketa sakon bat egiten ari da eta bertan 11 profesional parte hartzen ari dira, horietatik gehienak, unibertsitateko irakasleak. Izaskun Saez Zientzia Politikoetan doktorea izateaz gain, ikerketaren koordinatzailea ere bada. Josu Ugarte iraganeko Bakeaz fundazioko zuzendari izan zen eta ikerketa horretako kidea da. Gaur, biek parte hartu dute Radio Euskadiren mahai inguruan.

Izaskun Baezen arabera, proiektuaren helburu nagusietako bat "efektu birsortzaile edo sendatzailea" izatea da. Horren esanetan, "estortsioa oso oharkabean pasatu den indarkeria mota bat izan da, batez ere, hilketarekin edo bahiketarekin alderatuta; baina, milaka eta milaka pertsonei eragin die".

"Errelatuaren eta memoriaren gaia eztabaidatzen ari den une honetan, alor horretan gure ekarpena egin behar genuela ikusi genuen", gaineratu du. Azaldu duenez, 2012an hasi ziren proiektuarekin estortsioa pairatu zuen pertsona baten kontaktuei esker, eta 2016 urtearen amaierarako amaitzea espero du. Hala ere, proiektua "helmuga baino, abiapuntua da".

Ugartek aitortu duenez, eurentzat oso zaila izan da estortsioa pairatu dutenen testigantzak jasotzea. Guztira, sakoneko 60 elkarrizketa egin dituzte, baina 200 lagun baino gehiagorekin jarri dira harremanetan. Hori bai, Baezek azpimarratu du hedabideetan agertzen hasi direnetik hainbat biktima jarri direla eurekin harremanetan beren testigantzaren berri emateko. Sakoneko elkarrizketak egiteaz gain, galdeketa bat eskegi dute sarean eta dagoeneko 130 erantzun inguru jaso dituzte.

Ikerketa egiteko lau dimentsio hartu dituzte kontuan: historikoa, sozio-politikoa, ekonomikoa eta etiko-juridikoa. Lehenengoan, estortsioak izan duen bilakaera ikertzen ari dira; bigarrenean, gizarteak estortsioaren aurrean nola erantzun duen zehazten ari dira; hirugarrenean, estortsioak euskal ekonomian izandako eragina aztertzen ari dira; eta laugarrengoan, dilema etikoetan jarri dute fokua, inplikatutako eragileetan eta horiek izandako erantzukizunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskadi Ta Askatasuna albisteak