Politika -
Langraiz bidea
Valentin Lasarte aske geratu da, behin betiko
18 urte eman ditu preso ETAko kide ohiak. Langraiz Bideari heldu zion lehenetakoa izan zen.
Erredakzioa
Valentin Lasarte ETA kide ohi damutua aske geratu da gaur goizean, behin betiko, 18 urte preso eman eta gero. 08:25ean atera da Zaballako espetxetik.
Lasarte Langraiz Bideari heldu zion lehenetakoa izan zen. Hainbat murrizketa aintzat hartuta onartu zuen otsailaren 27an Espetxe Zuzendaritzak aske uztea.
ETAko kide ohiari 400 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, zazpi hilketatan parte hartzeagatik. Besteak beste, Gregorio Ordoñez Donostiako PPko zinegotziaren, Alfonso Morcillo udaltzainaren eta Fernando Mugica buruzagi sozialistaren hilketetan hartu zuen parte.
Epaiketa batean, barkamena eskatu zuen, eta diru kopuru txikiak ordaindu ditu, hilketa horietan izan zuen erantzukizun zibilari aurre egiteko. 2010ean, ETAk kanporatu egin zuen.
Handik eta bi urtera, 2012an, bere biktima baten arrebarekin batzartu zen espetxean, Consuelo Ordoñezekin.
Behin betiko aske geratuko dela ezagutu eta gero, Ordoñezek kritikak egin ditu: "Nire nebaren hiltzaileari ez zaio inoiz eskatu justiziarekin kolaboratzea; hori da Espainian dugun justizia, hausnarketa egin beharko genuke. Bi urte eta zazpi hilabeteko kondena baino ez du bete biktima bakoitzeko. Hori Espainian baino ez da gertatzen".
"Zigor murrizketak iruzurra dira, legearen espiritua urratzen baitute; gizon hau ez da damutu, ETAko kide ugari estali ditu", gaineratu du.