Politika -
Iradier Arena
Fiskalak Gasteizko PPko zinegotzi ohi bat epaitzea eskatu du
Iradier Arena alokatzeko neurriz kanpoko deskontuak egitea leporatzen diote, horren erruz Udalak 1,3 milioi euro galdu zituelakoan.
Erredakzioa
Arabako Fiskaltzak Encina Serrano Gasteizko PPko zinegotzi ohia eta udal teknikari bat epaitzea eskatu du, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta prebarikazioa leporatuta, Iradier Arenaren alokairuan % 90etik gorako deskontuak egiteagatik.
Oposizioko talde guztiek Javier Maroto Gasteizko alkateari egotzi diote guztiaren errua, Udalak 1,3 milioi euroko diru-sarrerak galdu izana; eta Marotok zinegotzi ohiaren lana babestu du, Iradier Arenak horri esker ikuskizun gehiago erakarri zituela iritzita.
PSE-EEk 2013ko uztailean sartutako salaketa batetik abiatu da Encina Serrano Kultura eta Jai zinegotzi ohiaren eta Enrique Ruiz de Gordoa Iradier Arenako ekitaldien arduradunaren kontrako prozesua.
Arabako Fiskaltzak salaketa hura aztertu eta deklaratzera deitu zituen Serrano, teknikaria eta Manu Uriarte egungo Ogasun zinegotzia. Era berean, alokairuaren merkatzeaz aprobetxatu ziren hainbat kultur sustatzaile ere deitu zituzten deklaratzera.
Salaketa horretan, sozialistek zioten 2012ko martxotik 14 kasutan ezarri zirela gehiegizko merkatzeak, udal ordenantzak ezarritako irizpideak urratuta.
14 ekitaldi horietan, Udalak 18.127 euro jaso zituen, eta 1,3 milioi euro izango lirateke aipatu deskonturik gabe.