Politika -
Froilan Elexpe-ri omenaldia
'Hurrengo bozak ETAren mehatxurik gabeko lehendabizikoak izango dira'
Hala adierazi du Arriolak Froilan Elexperi egindako omenaldian. Lore eskaintza egin diote 2001ean ETAk hildako sozialistari eta bertan izan da Jaurlaritzaren Biktimen zuzendaritzarako aholkularia.
Erredakzioa
Iñaki Arriola PSE-EEko idazkari nagusiak azpimarratu du maiatzaren 24an egingo diren udal eta foru hauteskundeak izango direla, "ETAren mehatxurik gabe", egingo diren lehendabizikoak.
Horrela mintzatu da Iñaki Arriola Gipuzkoako sozialisten presidentea, Froilan Elexpe ETAk 2001ean hildako Lasarte Oriako zinegotzi sozialista ohiari egindako omenaldian. Aipaturiko ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Froilan Elexperen senideek eta lagunek, Aintzane Ezenarro Eusko Jaurlaritzako Biktimen zuzendaritzarako aholkulariak eta beste hainbat biktimek.
ETAk atzo 14 urte hil zuen zinegotzi sozialista omendu dute gaur Lasarte Oriako hilerrian, eta haren senideez eta lagunez gain, bertan izan dira ETAk 2008an Arrasaten hil zuen Isaias Carrascoren alarguna eta alaba, ETAk 2000. urtean hil zuen Joxe Mari Kortaren semea eta Gorka Landaburu kazetaria.
Froilan Elexpe zenaren hilobi aurrean elkartu dira baita ere Frankismoak 1975an fusilatu zuen Juan Paredes "Txiki"ren Mikel anaia, Julia Hernandez arartekoaren ondokoa eta PSE-EEko zinegotziak zein eskualdeko ordezkariak, Jesus Eguiguren PSE-EEko presidentea buru zutela.
Lasarte Oriako zinegotzi ohiari lore eskaintza egin diote haren alargunak eta bi semeek, Iñaki Arriola, Miguel Buen eta Lasarte Oriako zinegotzi sozialistak alboan zituztela.
Arriolak azpimarratu duenez, sozialistek beti aurpegia eman dute beren proposamenen eta "jende xume eta apalen" mesedetan. Halaber, azpimarratu du hurrengo udal eta foru hauteskundeak izango direla "ETAren mehatxurik gabe" egingo diren lehenak.