Politika -
Departamendu Hauteskundeak
Parte-hartzeak gora egiten jarraitzen du Ipar Euskal Herrian 17:00etan
Hautesleriaren % 43,25ek bozkatu du ordura arte eta, 2011ean, % 39,91ekoa izan zen parte-hartzea. Frantzian, boto-emaile kopuruak ere gora egin du, sei puntu baino gehiago.
Erredakzioa
Egun garrantzitsua du Ipar Euskal Herriak gaur, igandea: Departamendu Hauteskundeen lehendabiziko itzulia. Bigarren itzulia, berriz, hurrengo igandean izango dute, martxoaren 29an. Kantonamenduetako ordezkariak aukeratuko dituzte.
Parte-hartzeari dagokionez, 17:00ak arte Pirinio Atlantikoetako hautesleriaren % 43,25ek eman du botoa, eta, 2011ean, % 39,91ek. Frantzian, bere osotasunean, boto-emaileek ere gora egin dute, 2011ko % 36,38tik, gaurko % 42,98ra arte.
12:00etan, % 17,84ko parte-hartzea zenbatu dute Ipar Euskal Herriko hauteslekuetan, 2011an baino txikiagoa (% 19,1). Frantzian, aldiz, gora egin du duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, % 15,7tik, gaurko % 18,02ra.
Frantziako Gobernuaren azken lurralde erreformaren ondoren, Ipar Euskal Herriak 12 kantonamendu ditu (lehen 21 zituen), eta bakoitzak 20.000 biztanle inguru hartzen ditu, gutxi gorabehera: Hendaia, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona 1, Baiona 2, Baiona 3, Uztaritze, Kanbo, Mugerre, Donapaleu eta Maule dira gaur egungo kantonamenduak.
Hauteskunde hauetako berritasun nagusienetakoa hautagaiak bikoteka aurkeztuko direla da; gizonezko batek eta emakume batek osatuko dute bikotea, derrigorrez, parekidetasuna bermatzeko. Hautagaiek ez dira aurkeztuko alderdi baten izenean, independenteak dira, baina kasu gehienetan lotura estua dute talde politiko jakin batzuekin.
Denera, bi itzulitan, 12 bikote (24 ordezkari) aukeratuko dituzte, eta horiek izango dira Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrean ordezkaritza izango dutenak, kantonamenduen izenean.
Eskumenen eztabaida bete-betean dagoenean iritsiko dira Departamendu Hauteskundeak. Departamenduen egitura sakon aldatzeko asmoa du François Hollande Frantziako presidenteak, eta baita horien eskumenak ere. Ikusteke dago zer gertatuko den bigarren mailako errepide-sarea, garraio publikoa edota hezkuntza kudeatzeko eskumenekin, besteak beste.