Politika -

6,5 milioi hautesle

PSOE, lehen indar politikoa Andaluzian, inkesten arabera

Alderdi sozialistak 41-44 jesarleku lortuko lituzke; PPk, berriz, 32-35 jesarleku. Podemos hirugarren indar bihurtuko litzateke (19-22 jesarlekurekin).

Aldaketa iritsiko al da Andaluziara?

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk Andaluziako hauteskunde autonomikoak irabaziko lituzke, 41-44 jesarleku eskuratuta, baina gehiengo absolutua galduta, TNS Demoscopia enpresak hauteslekuetan egindako hasierako inkesten arabera.

PPk, berriz, 32-35 jesarleku eskuratuko lituzke, eta Podemos hirugarren indar izango litzateke (19-22 jesarlekurekin). Ciudadanos alderdiak, ordea, 6-7 diputatu lortuko lituzke, IULV-CAk bezala. UPyDk ez luke ordezkaririk lortuko.

200 bat lagunek egin dituzte inkestak egunean zehar, Andaluziako 224 hauteslekuetan. Guztira, 33.600 elkarrizketa egin dituzte.

Datu horien arabera, alderdi sozialistak Historian izandako emaitzarik txarrenak lortuko lituzke, 3-6 diputatu galduta. Izan ere, PSOEk gehiengo absolutua galdu du (55 diputatu).

Bestalde, Alderdi Popularrak 1990. urtetik izandako emaitzarik okerrenak lortuko lituzke aurtengo hauteskundeetan. Duela hiru urte hauteskundeak irabazi zituen PPk.

Parte-hartzea

Andaluziako hauteskunde autonomikoetan parte-hartzea ia bost puntu hazi (% 51,31) da 18:00ak arte, 2012ko martxoko bozekin alderatuta; izan ere, orduan parte-hartzea % 47,21koa zen.

Emilio de Llera Justizia eta Barne kontseilariak eman ditu datuok prentsaren aurrean, eta parte-hartzea nabarmendu du.

Intzidentziei dagokienez, 09:30ak arte ezin izan dute Moron de la Frontera (Sevilla) herriko hautesleku bat ireki eta barruti horretako Hauteskunde Batzordeak hautesleku hori 20:30ak arte ez ixtea erabaki du. "Ondorioz, Andaluziako Hauteskunde Batzordeari galdegin zaio ea noiztik aurrera zabal daitezkeen hauteskundeetako emaitzak", azaldu du.

Kontseilariak azaldu duenez, aurreko hauteskundeetan antzerako zerbait gertatu zen eta orduan datuen zabalkundea neurri berean atzeratzea erabaki zen, beraz, "litekeena da aurten ordu erdi atzeratzea".

Gainerakoan, ez da inolako intzidentziarik izan.

6,5 milioi andaluziar inguruk boza emateko eskubidea izango dute gaur, igandea, Andaluziako hauteskundeetan. Oraingoan, 91.642 lagun gehiagok bozkatuko dute, hau da, 2012ko hauteskundeetako hautesleria % 1,41 hazi da, Hauteskunde-Erroldaren Bulegoko datu ofizialen arabera, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez.

Zehatz-mehatz, 6.496.842 hiritarrek (horietatik 210.148 atzerrian daude) bozka lezakete gaurko bozketan. Aurtengoa, Andaluzian egiten diren hamargarren hauteskundeak dira (Parlamenturako) eta 22 alderdik eta hautesle talde batek hautagaitzak aurkeztu dituzte, 109 diputatu hautatzeko.

Horretarako, Andaluziako 772 udaletan 3.832 hautesleku zabaldu dituzte eta 29.619 hiritarren lanari esker, 9.873 hauteskunde-mahai prestatu dira.

Bestalde, bozketa egunean segurtasuna bermatzeko, 19.390 polizia sakabanatuko dituzte Andaluzian zehar; zehazki, Polizia Nazionaleko 6.766 agente, Guardia Zibileko 10.094 eta udaltzaingoetako 2.520 kide.

Hautagaien adierazpenak

Andaluziako presidentegaiek goizeko lehen orduetan eman dute beren botoa.

Susana Diaz PSOEko hautagaiak Sevillako Triana auzoan bozkatu du, eta egoerak eskatzen duen bezala jokatuko duela ziurtatu du, "andaluziarrek erabakitzen dutena erabakitzen dutela".

Juanma Moreno hautagai popularrak Malagan eman du bere botoa eta hiritarrei modu masiboan bozkatzeko eskatu die, gaurko hauteskundeak Andaluziaren orainaldirako eta etorkizunerako oso garrantzitsuak direla argudiatuta.

IUko hautagaia den Antonio Mailok, berriz, Huelvako Aracena herrian bozkatu du eta horrek ere bozkatzera joateko dei egin die herritarrei, "krisitik irteteko eta Andaluzia berri bat osatzeko".

Teresa Rodriguez Podemoseko presidentegaiak, ostera, Cadizeko hautesleku batean bozkatu du eta irabazteko aurkeztu direla azpimarratu du. Horren esanetan, "premiazkoa da eskubide sozialen atzeraldia eta pertsonen txirotzea geldiaraztea".

Juan Marin hautagaiak (Ciudadanos) ere Cadizen bozkatu du, baina kasu horretan Sanlucar de Barrameda herrian. Baieztatu duenez, Ciudadanos alderdiak hauteskundeak irabazten baditu soilik "aginduko du", gainerakoan, oposizioan egongo da.

Martin de la Herran UPyDko hautagaiak Jerez de la Fronteran (Cadiz) bozkatu du eta, haren esanetan, andaluziarrek autonomia erkidego horren historian pauso bat aurrera emango dute gaurkoan.

Azkenik, Alderdi Andaluzistako Jesus Ruiz hautagaiak Puerto de Santa Marian (Cadiz) bozkatu du eta herritarrei botoa ematerakoan jarrera kritikoa izateko eta "azken urtean eta azken urteetan gertaturikoa kontuan hartzeko" dei egin die.

Zenbaketa luzea

Autonomia hauteskundeetan emango diren botoen zenbaketak lau egun iraungo du, asteazkenetik (25) larunbatera arte (28), eta Andaluziako Ganbera osatuko duten parlamentariek apirilaren 7an kargu hartuko dute.

Behin behineko datuak gaur bertan ezagutaraziko badituzte ere, asteazkenera arte ez da hasiko zenbaketa ofiziala, hauteskunde batzordeetan.

Hala, apirilaren 7an, hauteskunde batzordeek hautatutako parlamentariak izendatuko dituzte eta, ondoren, Andaluziako Aldizkari Ofizialean publikatu beharko dute zerrenda. Andaluziako Parlamentu berria, hortaz, apirilaren 16an, 12:00etan, osatuko da, autonomia-hauteskundeen deialdien dekretuak ezartzen duenez.

Arenasen alderdiak jaso zituen boto gehien 2012an, baina ez zen presidente izan. Irudia: EFE

Iraganean, sozialista

Espainiako autonomia erkidegorik handienean egindako bederatzi autonomia-hauteskundeetatik zortzitan PSOE-A izan da alderdirik bozkatuena. Alabaina, 2012an, PP-Ak talderik bozkatuena izatea lortu zuen.

PPk, aurreko horretan, 50 eserleku lortu zituen Parlamentuan, botoen % 40,66 jasota; PSOE-Ak 47 (bozen % 29,52) eta IULV-CAk 12, boto-emaileen % 11,34en babesarekin.

Halere, PSOE-Ak eta IULV-CAk akordioa egin zutenez, Javier Arenasek ez zuen presidente kargua lortu. Koalizio gobernua (1996-2000 legealdian PSOE-Ak eta PAk osatu zuten) bukatu egin zen Susana Diazek kontseilariei kargua kendu eta hauteskundeak aurreratu zituenean.

Griñanek 2013ko abuztuan aurkeztu zuen dimisioa eta presidente karguari uko egin zion. Irudia. EiTB

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Alderdi Sozialista Albisteak Alderdi Popularra