Politika -
Presoen inguruko atxiloketak
Azken atxiloketen aurkako kartelak erakusteari eutsiko dio EH Bilduk
Koalizio abertzaleak ez du zuzenduko, eta "bakearen etsaia" izatea egotzi dio PPri. EAJk, berriz, "gehiegizko" jo du PPk proposatutako zigorra.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, koalizio abertzaleak ez du zuzenduko joan den ostegunean Eusko Legebiltzarrean izandako jarrera, eta Guardia Zibilak egindako azken atxiloketen aurkako kartelak erakusteari eutsiko dio.
Matuteren irudiko, inork ezin du "zuzenketaren bat" espero, jazo dena "erabat bidezkoa baita". Halaber, "bakearen etsaia" izatea egotzi dio PPri.
Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan joan den ostegunean Eusko Legebiltzarrean jazotakoa aztertu dute legebiltzarkideek. Aste honetan Guardia Zibilak abiatutako operazioan hainbat lagun atxilotu dituzte, eta atxiloketa horien aurkako kartelak erakutsi dituzte EH Bilduko legebiltzarkideek.
Horren ondorioz, kanporatuak izan dira. Halaber, PPk salaketa aurkeztu du Legebiltzarreko Mahaian eta araudiko 121 artikulua ezartzeko eskatu du, 16 legebiltzarkideei hilabeteko behin-behineko suspentsioa ezartzeko.
"Presoei elkartasuna adierazteagatik azken hiru urteetan 46 lagun atxilotu izanak kezkatzen gaitu", azaldu du Matutek, "eztabaida horren inguruan egin beharko genuke: demokratikoa izan nahi duen gizarte batek normaltasunez onartu nahi duen presoei elkartasuna adierazteagatik 46 lagun atxilotu izana".
EAJ
Bestalde, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, ez da lehenengo aldia EH Bilduk horrelako "perfomance"-ak egiten duela. "Aurreko alditan, kartelak erakutsi dituztenean eta Ganberako presidenteak jarrera ohartarazi dienean, kartelak jaitsi dituzte, joan den ostegunean ez beste", esan du.
Hori dela eta, oraingoan, koalizioa zigortzea erabaki dute, "ez protesta politikoa egiteagatik, presidenteak emandako aginduei muzin egiteagatik baizik".
Arrizabalagak nabarmendu duenez, Legebiltzarreko Mahaia datorren asteartean bilduko da, eta PPk proposatutako zigorraren gainean erabakiko dute. Arrizabalagaren irudiko, zigor-proposamen hori "gehiegizkoa" da.
"Bakar batean ezarri dute horrelako zigorra: Mayor Orejaren izenean Carlos Iturgaizek boza eman zuenean", gogora ekarri du jeltzaleak.
PSE-EE
Bestalde, Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkidearen iritziz, ostegunean gertatutakoa "errespetu falta da Ganberarentzat eta herritarrentzat". "EH Bildu beti dabil iskanbilak sortzen", esan du Rojok, "aulkiak dituzte legebiltzarkideek arauak onartu dituztelako, Legebiltzarreko araudia, hain zuzen ere".
"Presidentearen aginduei hiru aldiz muzin egiteagatik zigortuko dituzte EH Bilduko legebiltzarkideak, eta ez kartelak erakusteagatik", gaineratu du sozialistak.
PP
Amaitzeko, Laura Garrido PPko legebiltzarkideak salatu duenez, "EH Bilduren jarrera onartezina da". "Kartel batek PPren aurkako iraina zekarren, bakearen etsaiak garela zioelako, eta uste dugu gure alderdiaren ohorea eta duintasuna kaltetzen dituela", nabarmendu du Garridok.