Politika -

Manifestazioa

Etxeratek eta Jaiki Hadik egiten duten lana ez dela delitu esan dute

Biek ala biek euren lana egiten jarraituko dutela nabarmendu dute. Bestalde, aste honetako polizia operazioan atxilotutako lau lagunek eskerrak eman dituzte egun hauetan jasotako babesagatik.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Presoen eta senideen eskubideak aldarrikatzeko martxa egin dute

2:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek parte hartu dute aste honetako polizia operazioa salatzeko larunbat honetan Donostian egin den manifestazioan.

Pastor deituriko polizia operazioan lau lagun atxilotu zituzten: Izaskun Abaigar, Nagore Lopez de Luzuriaga, Fernando Arburua eta Oihana Barrios. Lehendabiziko biak Etxerateko kideak dira eta azken biak, berriz, presoei osasun-arreta ematen dien Jaiki Hadi elkarteko kideak. Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ostean, 15.000 euroko fidantzapean aske gelditu ziren.

Manifestazioa 17:30ean abiatu da Anoetatik "Preso eta senideen eskubideen alde, elkartasuna aurrera" lelopean eta lehen lerroan, pankartari eutsiz, joan dira aste honetako lau atxilotuak. Donostiako kaleak zeharkatu ondoren, Bulebarrera heldu da manifestazioa. Bertan, komunikatu bat irakurri dute.

Etxeratek deitutako manifestazioak hainbat alderdi politikoren, sindikaturen eta eragileen babesa jaso du, hala nola, Aralar, Sare, Eusko Alkartasuna, LAB, ELA, Ernai, Sortu, Gazte Abertzaleak, Stee-eilas, HIRU, Alternatiba, Ikasle Abertzaleak, Euskal Herrian Euskaraz, Etxerat, Jaiki Hadi, Egiari Zor Fundazioa, TAT, Elkartzen eta Giza eskubideen Behatokia.

Manifestazioa hasi aurretik, Etxerateko eta Jaiki Hadiko kideek adierazpenak egin dituzte kazetarien aurrean. Mati Iturralde Jaiki Hadi elkarteko kideak gogoratu du atxilotuetako bi elkarteko kide direla eta ziurtatu du presoei osasun-arreta eskaintzen jarraituko dutela "presoen osasunerako eskubidea mehatxupean" dagoelako eta gauza guztien gainetik beren eginbeharra dela sentitzen dutelako.

Halaber, Maider Alustiza Etxerateko kideak salatu duenez, presoen osasun eskubidearen eta senideek senideentzat egiten duten lanaren kontrako erasoa izan da. "Etxeraten lana publikoa eta gardena da", azpimarratu du Alustizak. Aldi berean, gaineratu du Etxeratek egiten duena presoen eta senideen eskubide urraketak salatzea dela. "Guk ez dugu aukeratu, senide izatea egokitu zaigu eta gure eskubideak behin eta berriz urratzen dituzte", nabarmendu du.

Honela, Etxeraten egitekoa kartzela politikarekin amaitzea eta presoen zein senideen sufrimendua aitortzea dela azaldu du. Hori dela eta, gizarteari dei egin dio eskubide horien defentsa egiteko. Alderdi politikoei, berriz, eskubideen urraketarekin eta sakabanaketarekin amaitzeko lan egiteko eskatu die arduradun politikoei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak argazkiak