Politika -

Eguneko lerroburuak

Apirilaren 1eko albisteak

Asteazken honi ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.

E. GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presoak hurbiltzeari, 'ezezkoa'

Presoek Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko egindako eskaerari ezezkoa eman dio Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralak. Epaileak argudiatu duenez, presoen "espetxe edo oinarrizko eskubideak urratzen" direnean bakarrik du eskumena "kartzela aldatzeko".

Besteak beste, Francisco Mugica Garmendia 'Pakito', Jose Javier Arizkuren, 'Kantauri', Henri Parot, Felipe San Epifanio eta Xabier Alegria presoei eragiten die erabakiak.

Gestampen zentro berria

Boroako industrialdea eta euskal ekonomia zorioneko daude. Automobilgintzan goi-mailako teknologietan formakuntza emateko zentroa paratuko du Gestamp multinazionalak Zornotzan, AIC-Automotive Intelligence Center zentroan. Gestamp Tecnology Institute irailaren 1ean zabalduko dute. Zentroa zabaltzeko hitzarmena sinatu zuten atzo automobilgintza sektorean liderra den enpresak eta Eusko Jaurlaritzak.

Arlo honetan aritzen diren langile zein ikasleen goi-mailako ikasketa espezializatuak eskainiz, "mundu mailako erreferente" izateko jaio da Gestamp Tecnology Institute, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jose Riberas Gestampeko kontseilari delegatuak aurkezpenean nabarmendu zutenez.

Germanwingsen tragediaren inguruko ikerketa

Zabaldu diren azken datuen arabera, Lufthansa konpainiak bazekien Andreas Lubitzek, A-320 hegazkina Alpeetan "nahita" amildu zuen kopilotuak, "depresio larri bat" jasan zuela. Izan ere, orduan pilotu moduan trebatzen ari zenak gaixotasunaren berri eman zion konpainia alemaniarraren hegaldi eskolari. Dena dela, epe hori igarota, hegan egiteko ziurtagiria eman zioten medikuek. Orain aitortu du hori Lufthansak.

Andreas Lubitz EFE

Andreas Lubitz EFE

Gorbeian galdutako mendizaleak

Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendi Taldea atzo gauetik Gorbeian galduta dauden hiru lagunen bila dabil. Bi gizon eta emakume baten bila dabiltza.

Agenteek Orozkon, Belaustegiko aparkalekuan, topatu dute haien autoa.

Heriotza-zigorren kopuruak gora

Urtero heriotza-zigorraren inguruan egiten duen txostena aurkeztu du goizaldean Amnistia Internazionala (AI) erakundeak. Horren arabera, iaz % 28 egin zuen gora heriotza-zigorren kopuruak, ustez "delinkuentzia, terrorismoa eta barne ezegonkortasuna" borrokatzeko.

Nolanahi ere, exekuzioen kopuruak % 22 egin du behera; 778tik 607ra, hain justu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak