Politika -

2009an hildakoa

Maiatzean ebatziko dute Frantziak Anza auzian izandako jokabideaz

Familiak aurkeztutako salaketaren ahozko saioa egin dute gaur. Bestalde, 8 orduko elkarretaratzea egin dute Donostian ETAko kidearen heriotzaren inguruko egia exijitzeko.

8 orduko elkarretaratzea, Anzaren auzian egia eta justizia exijitzeko

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Justiziak maiatzaren 13an emango du ebazpena Frantziako Estatuak Jon Anzaren heriotzaren inguruan izandako jokabidearen inguruan, Maritxu Paulus-Basurco abokatuak jakitera eman duenez. Izan ere, ETAko kidearen familiak salaketa jarri du Frantziako Estatuaren kontra, eta Fiskaltzak dagoeneko "akats larriak" atzeman ditu Estatuaren jokatzeko moduan.

Pariseko Auzitegiak familiaren salaketa aztertu du gaurko saioan. Salaketa horretan, sendiko hiru kidek 50.000na euro eskatzen dituzte Frantziako Estatuak egindako akatsen kalte-ordain gisa.

ETAko kidea 2009ko apirilaren 29an aurkitu zuten konortea galduta Tolosako (Okzitania) parke batean, eta ospitalean sartu zuten. Bertan egon zen, konortea berreskuratu gabe, maiatzaren 11n hil zen arte. 2010eko martxoan identifikatu zuten, nahiz eta desagerpena askoz ere lehenago salatu zuten.

Anzaren familiak eskatuta, Baionako Fiskaltzak informazio judiziala deritzona abiatu zuen "desagerpen kezkagarriagatik", ETAk desagerpenaren errua Espainiako Poliziari leporatu baino bi egun lehenago.

Hiru urteko instrukzioaren ostean, Tolosako epaileak artxibatu egin zuen auzia, 2013an, egondako akats administratiboak azpimarratuz.

Elkarretaratzea

Senideak, lagunak eta mugimendu politiko eta sozialetako ordezkariak 8 orduko elkarretaratzea egiten ari dira Donostian Jon Anza ETAko kidearen heriotzaren inguruko egia jakin dadila exigitzeko.

Elkarretaratzea eguerdian hasi da, Bulebarrean, Anzaren familiak Frantziako Estatuaren kontra jarri duen salaketari buruzko ahozko saioa Parisen hasi den une berean.

Bertan izan dira, besteak beste, Pernando Barrena eta Joxean Agirre Sortuko kideak, eta Jon Albizu eta Nora Galparsoro (EH Bildu) Donostiako Udaleko zinegotziak.

Egia exigitzeko mobilizazioan, Nagore Mujika Egiari Zor taldeko kideak esan du "horrelako kasu guztietan gertatutakoa" argitzeko "konpromisoa" dutela.

"Jon Anzaren senideek, Euskal Herri osoak bezalaxe, egia jakin behar dute, heriotza horietan dauden gertakari eta ardura guztiak", azaldu du Mujikak, ardura "estatuen indarkeriarena" dela salatu aurretik.

Horren harira, fundazioak "banan banan" aztertuko omen ditu "bertsio ofizial guztiak", "ikerketa eskasaren" ondorioz egindakoak.

Anzaren senideei "elkartasun osoa" helarazi ostean, "orain arte ukatutako justizia" exijitu diote Frantziako Estatuari, eta Mujikak azpimarratu du "egia ezinbesteko elementua" dela "Euskal Herrian bakea, normalizazioa eta elkarbizitza lortzeko".

Era berean, "memoria kolektiboa eraikitzeko" egia "oinarrizko zutabea" dela berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak