Politika -
Aldundia
Gipuzkoa akusazio partikular gisa pertsonatuko da 'Kutxabank auzian'
Aldundiaren hitzetan, “Kutxabankek irregulartasunak ikertzeko azaldu duen interes falta bistakoa da”. Horrela, Kutxako erakunde fundatzaile bezala akusazio gisa aurkeztea erabaki du.
Agentziak | Erredakzioa
‘Kutxabank auzian’ akusazio partikular gisa pertsonatzea erabaki du Gipuzkoako Aldundiak. Entitateak Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiari ustez egindako ordainketak ikertzen ari dira auzian.
Aldundiaren hitzetan, “Kutxabankek irregulartasunak ikertzeko azaldu duen interes falta bistakoa da”. Horrela, Kutxako erakunde fundatzaile bezala akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki du.
Kutxabankeko Administrazio-kontseiluak hartutako erabakia kritikatu du Aldundiak; izan ere, bankuak ez pertsonatzea erabaki zuen otsailaren 25ean. Mario Fernandez presidente ohia inputatu zuten Mikel Cabieces Gobernuko ordezkari ohiari 243.000 euro ordaintzeagatik.
“Ikerketa oztopatu nahi du Kutxabankek”
“Irregulartasunak ezkutatzerik ez dago, ezta auzia isilaraztea ere, eta ezer gertatu ez balitz bezala aritu”, argudiatu du Aldundiak. “Akusazio partikular gisa aurkezteari uko eginda ikerketa oztopatu nahi du Kutxabankek, 243.000 euroak ordaintzeko agindua nork eman zuen ez argitzea eta erabakiari oniritzia eman ziotenak estali nahi ditu”, erantsi du erakundeak.
“EAJko eta PSEko kargudunak inplikaturik egon daitezkeen kasu batean, salaketa bat aurkeztetik beste alde batera begiratzera pasatzea horrela bakarrik uler daiteke”, gaineratu du Aldundiak.
Gipuzkoako herritarren interesak defendatu nahi dituztela azaldu du erakundeak. “Ustelkeriaren zantzu guztiak argitzeko eta ikertzeko jarrera aktiboa” izango duela iragarri du Aldundiak.