Politika -
Autogobernu batzordea
Estatutu berrian Araba 'erabakigarria' izatea eskatu du De Andresek
Besteak beste, Estatutu berriak euskal herritarren hizkuntza askatasuna jasotzea garrantzitsua dela uste du Arabako ahaldun nagusiak.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko Estatutu berria egiteko orduan Araba aktore “erabakigarria” izatea nahi du Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak. Arabarrek “Bizkaiko eta Gipuzkoako gehiengoa onartu behar ez izatea” nahi du ahaldun nagusiak, “bi lurralde horietako gehiengo abertzaleak status berrian euren errezeta inposatzea”, alegia.
Autogobernuaren batzorde txostengilean agerraldia egin du De Andresek, Eusko Legebiltzarrean. Gernikako Estatutua berritzeko gogoetak azaldu ditu buruzagiak. Konkretuki, euskal administrazioen arteko harremanak, erantzukizunak eta eskumenak hizpide izan ditu De Andresek.
Estatutuak “lurraldeen arteko oreka eta herritarren eskubideak bermatzeko” neurriak behar dituela defendatu du ahaldun nagusiak.
Zentzu horretan, lurraldeen finantziazioan “oreka” bermatzen duen Estatutu berri bat Arabarentzako “funtsezkoa” izango litzatekeela azaldu du agintariak.
Era berean, Estatutu berriak euskal herritarren hizkuntza askatasuna jasotzea garrantzitsua dela uste du Arabako ahaldun nagusiak. Euskara ez jakiteagatik lanpostu bat lortzeko orduan arabarrek zailtasunik ez izatea aldarrikatu du De Andresek. “Arabarrek bezalaxe, euskaraz ez dakien edozein herritarrentzako nahi dugu”, esan du.