Politika -
Elkarrizketa
PP ez dela EAJren makulua izango esan du Quirogak
EAEko popularren presidentearen esanetan, hautagaiek badakite Euskadirekin ibilbide luzeko konpromisoa duen sigla batzuk ordezkatzen dituztela eta horiei eutsi behar dietela.
EUROPA PRESS
Arantza Quiroga Euskadiko popularren presidenteak adierazi du PP ez dela EAJren makulua izango eta jeltzaleei esan die, ustez, EAJrekin loturiko ustelkeria kasuen aurrean ez duela beste aldera begiratuko.
"Arrakastaren gakoa" gauza guztien gainetik herritarren borondatea jartzea dela azpimarratu du eta horren adibide jarri ditu Javier Maroto Gasteizko alkatea eta Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia.
Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketan, Quirogak azaldu du Alderdi Popularrak ez duela PSE-EEk orain duen tokia hartzeko asmorik. "Ez dut EAJren makulua izan nahi, aurrera eraman dezakegun proiektu bat izan nahi dut, posizionamendu klasikoen gainetik egongo dena eta helburu bakarra herritarrei zerbitzua ematea izango duena", gaineratu du.
Ildo horretan, esan du ez dituela "hiruzpalau pertsona ipini nahi han edo hemen EAJri botoak emateko edota eskandalagarriak diren hainbat ustelkeria kasuen aurrean beste aldera begiratzeko, hori guztiarekin hainbat postu aterako dituelakoan".
"Hori ez da PPk jokatu behar duen rola, izan ere, guk EAJren alternatiba izango den aukera modernoa izan nahi dugu. Horretarako ibilbide bat egin eta esandakoa ekintzen bidez frogatu behar dugu. Eta hori erakusteko dugun lehen modua proposatzen ari garen hautagaien zerrenda da. Badakigu ez direla PPren garai zailenetan izan genituen gisako hautagaiak, baina orain beste garai bat dela uste dugu", azaldu du.
PPko buruzagiaren esanetan, hautagaiek badakite Euskadirekin ibilbide luzeko konpromisoa duen sigla batzuk ordezkatzen dituztela eta horiei eutsi behar dietela.
Quirogaren arabera, hautagai popularrak "oso kalekoak dira" eta horiek gertutasuna eskaintzen dute. "Alderdikeriaren gainetik dauden hautagaiak dira, PP markakoak dira, baina gauza guztien gainetik argi dute herritarrak ordezkatzen dituztela. Udalerrietan daudenean, herritarren borondatea zein den kontuan hartu behar dute", gaineratu du.