Politika -

Lege-proposamena

Diputatuen Kongresuko tramitea gainditu du abortuaren erreformak

PPk, Uniok, Foro Asturiasek eta UPNk lege-proposamenari babesa eman diote. Alderdi Popularreko lau diputatuk ez dute botorik eman.

Diputatuen Kongresua. Artxiboko irudia: EFE
Diputatuen Kongresua. Artxiboko irudia: EFE

Kongresuak abortuaren legearen erreforma onartu du

0:48

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatzea eragozteko erreforma bultzatu du PPk, eta Kongresuko lehen tramite parlamentarioa gainditu du lege-proposamenak gaur. Azkenik, testuarekin kritikoak ziren PPko diputatuek ez dute bozketan parte hartu.

Indarrean dagoen araudia erreformatzeko lege-proposamena onartu du Kongresuak aldeko 184 botorekin. PPk, Uniok, Foro Asturiasek eta UPNk ekimenari babesa eman diote. Kontrako 136 boto jaso ditu lege-proposamenak. Horrela, PSOEk, Izquierda Pluralek, UPyDk, EAJk, ERCk, BNGk, Amaiurrek eta Compromisek aurkako botoa eman dute. Lau abstentzio izan dira.

Jose Eugenio Azpiroz, Lourdes Mendez, Antonio Gutierrez Molina eta Javier Puente PPko parlamentariek ez dute bozketan parte hartu.

Azken egunetan ekimenaren aurka agertu dira lau diputatuak; izan ere, abortuaren erreforma sakonago bat aldarrikatzen zuten.

Bestalde, Eva Duran PPko diputatuak erreformaren aurkako botoa eman du. Botoa nahita eman duela baieztatu du Duranek berak, hau da, ez da okertu botoia sakatzerakoan. Hala ere, ez du azalpen gehiagorik eman Alderdi Popularreko parlamentariak.

Bozketan, esku-azpiak erakutsi dizkio Lourdes Mendezek Ganberari, parte hartu behar ez zuela azaltzeko.

Lourdes Mendez PP abortua efe

Lourdes Mendez PP abortua efe

Lourdes Mendez PPko diputatua bozketan. Argazkia: EFE

Gaueko anekdotaren protagonista Pedro Sanchez buruzagi sozialista izan da. PSOEko idazkari nagusia okertu egin da eta aldeko botoia sakatu du bozketan.

Lau diputatu horiek eta Gari Duran, Jose Ignacio Palacios, Luis Peral, Angel Pintado eta Ana Torme senatariek alderdikideei gutun bat igorri diete. Testuaren alde zergatik ez duten bozkatuko azaltzen dute gutunean.

Gaur bertan, erreformari babesa ematera beharturik zeudela gogorarazi die Rafael Hernando Kongresuko PPren bozeramaileak, lege-proposamenak alderdiaren hauteskunde programa betetzen duelako.

Eztabaida hasi baino lehen, alderdiak parlamentariei boto askatasuna ez ematea ?hanka-sartze politiko? bat zela adierazi du Lourdes Mendezek, gaia ?oso sentibera? delako. Abortuaren erreforma ?mugatua? dela kritikatu du Azpirozek, eta bera hauteskunde programarekin koherentea zela defendatu du.

?Kontzientziaz? bozkatzeko eskatu die Jose Maria Gil Tamayo Espainiako Gotzainen Biltzarreko bozeramaileak diputatu katolikoei.

PPren defentsa

Marta Gonzalez PPko Berdintasun parlamentariak lege-proposamena defendatu du eztabaidan. 2010az geroztik Gobernu sozialistak adingabeei gurasoen baimenik gabe haurdunaldia eteteko aukera eman izana ?zentzugabekeria juridikoa? izan dela salatu du Gonzalezek.

Indarrean dagoen legearen aurka egin du Gonzalezek. PPko ordezkariaren ahotan, abortuaren defentsa ?ideologikoa? egiten du: ?Emakumeen eskubide absolutua da, nahiz eta adingabea izan?.

Oposizioa

Diputatuen Kongresuko oposizioko alderdi gehienek adingabeak legez kanpoko abortuetara bideratzea leporatu diote PPri, haurdunaldia eteteko erreformaren harira, eta arau berria "hipokrita", "elektoralista" eta "lotsagarria" dela salatu dute.

Hala, Carmen Monton PSOEren Berdintasun bozeramaileak esan du erreforma "elektoralista" dela eta helburua "boto sorta bat eskuratzea" dela, emakume "ahulenei", adingabeei, "babesa kenduta".

Izquierda Pluraletik, Ascension de las Heras diputatua erreformaren kontra agertu da erabat, eta azpimarratu du ez zela beharrezkoa eta "elektoralista" dela. Gainera, sektore "atzerakoienak" eta agintari erlijiosoak gustura uzteko emakumeak erabiltzea egotzi dio PPri.

Carlos Martinez Gorriaran UPyDkoak "lotsagarri"tzat jo du erreforma, adingabe eta nerabeak hauteskunde kanpainarako erabiltzen dituelakoan, eta abortuaren "sakoneko" eztabaidari muzin egitea leporatu die popularrei.

EAJtik, Joseba Agirretxea diputatuak esan du ez dela beharrezkoa legea aldatzea, ez dielako adingabeei segurtasun juridikorik edo osasun arlokorik ematen. Gainera, proiektua "koldarra" dela eta egungo araua "makillatzea" besterik ez dela uste du, PPko kideak ere ez dituelako gustura uzten.

Joan Tarda ERCkoak emakumearen sexu eta erreprodukzio eskubideen kontra egitea egotzi dio PPri, eta Onintza Enbeita Amaiurrekoak uste du erreformarekin adingabeak Londresera joango dira abortatzera, edo legez kanpoko abortuak egingo dituztela.

Emakumeen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute feministek

50 bat emakumek elkarretaratzea egin dute Diputatuen Kongresuaren aurrean,?Emakumeek erabakitzen dugu? lelopean, abortuaren legearen aurka protesta egiteko.

Madrileko Mugimendu Feministak deituta, ?Abortua Zigor Kodetik at?, ?Adingabeek erabakitzeko eskubidea behar dute? edo ?Abortatzeko eskubidea guztientzat?, oihukatu dute manifestariek. ?Abortatzeko eskubidea. Emakumeek erabakitzen dugu? pankarta bat zeramatzaten parte-hartzaileek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa