Politika -

Azken agerraldia

Arartekoarentzat langile eta bitarteko gehiago eskatu ditu Lamarcak

"Dagozkion zeregin guztiak bete ditzan, beharrezkoa da langile kopurua handitzea", esan du hedabideen aurreko azken agerraldian.

Iñigo Lamarcak gaur utzi du Ararteko kargua

2:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Lamarcak baliabide ekonomiko eta langile gehiago eskatu ditu Arartekoarentzat, karguan egondako hamar urteen balantzea egiteko agerraldian. "Dagozkion zeregin guztiak bete ditzan, beharrezkoa da langile kopurua handitzea", erantsi du.

Lamarcaren eskaera ez dator bat Eusko Legebiltzarrak laster eztabaidatuko duen ekimenarekin. Izan ere, EH Bilduk, PPk eta UPyDk Arartekoaren azpiegitura murriztearen alde agertuko dira aste gutxi barru. EAJk adierazi du hurrengo Arartekoak, Manu Lezertuak, erakunde horren azpiegitura “berrikusi egingo duela”, garai berrietara egokitzeko xedearekin. PSE-EEk, berriz, ez du bere iritzia jakinaraziko Lezertua izendatzen ez duten arte. EAJk, PSEk eta PPk emango diote babesa Lezertuaren izendapenari.

Bere azken agerraldian, Lamarcak esan du Arartekoak "behargin gutxiegi" dituela gaur egun. Azken lau urteetan ez dutela inor kontratatu eta aurrekontua % 10 murriztu dela salatu du. Epe horretan lana “bikoiztu” egin zaiela gaineratu du, batez ere krisiaren eraginez kexu gehiago jaso dituztelako.

Hala ere, erakundeak bere "eraginkortasun maila" mantentzea lortu duela nabarmendu du, gehien bat langileek egindako lanari esker eta “euren gaitasunen gainean aritu direlako”. Egungo azpiegiturarekin ezinezkoa litzateke, baina, adinekoen zentroetan ikuskaritza gehiago egitea, Lamarcaren esanetan.

Horregatik, “eta krisi gabeko garaiak datozela aprobetxatuz”, Lamarcak langile gehiago eskatu ditu Arartekoarentzat.

Egun, 51 pertsona ari dira lanean Arartekoan. Aurten, 4,58 milioi euroko aurrekontua jaso du erakunde horrek.

Iñigo Lamarca 2004ean izendatu zuten Ararteko. Bost urte igarota, berriz hautatu zuten. 2014ko urrian agintaldia amaitu zuen arren, jardunean aritu da sei hilabetez. Bihartik aurrera Julia Hernandezek hartu du bere tokia, Lezertua Legebiltzarrean izendatzen duten arte.

Ia hamaika urtez karguan izan ondoren, “nahiko pozik” doa, helburuak “nahiko ondo beteta”. Erakundea “maila altuan” utziko duela dio Lamarcak.

Azaldu duenez, 2004ean herritar gutxik ezagutzen zuten Arartekoa, eta erakundea ezagutzera ematea izan da bere helburu nagusia. Hamar urtetan, jasotako kexu kopuruak % 278 egin du gora: 2004ean 2.289 tramitatu zituzten; iaz, 6.378.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arartekoa