Politika -

Eguneko albisteak

Apirilaren 16ko albisteak

Egunari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Fernandez eta Mikel Cabieces, epailearen aurrera

Hitzordua 11:00etan da, Bilboko 4. zenbakiko Instrukzioko Epaitegian. Bertan izango dira Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alkorta. Kudeaketa desleiala, bidegabeko jabetzea eta merkataritza dokumentuen faltsutzea egin dituztelakoan, inputatu gisa deklaratuko dute hirurek. Mario Fernandezek Kutxabank zuzendu zuen garaian, Mikel Cabieces politikari sozialistari 243.592 euro ordainduta delituok egin zituztela uste du Fiskaltzak. Fernandezek esan zuenez, jarduera hau "ohikoa" zen ETAren mehatxupean zeudenekin eta "irtenbide profesional" bat ematen zitzaien, Cabiecesekin gertatu zen moduan.

LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek, EKAk eta Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformak herri-akusazio gisa jardungo dute.

Mario Fernandez Kutxabank efe

Mario Fernandez Kutxabank efe

Euskadi independente, 2030erako, Ibarretxeren esanetan

Plazara itzuli da Juan Jose Ibarretxe. Eusko Legebiltzarreko Autogobernuaren Lantaldean izan zen atzo, eta lerroburua eman zuen: Euskadi independente izango da 2030erako. Izan ere, Ibarretxe lehendakariaren esanetan, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena indartuz joango da Euskadin eta "estaturik gabeko beste nazioetan", eta eskubide hori aitortzen ez bada, "aldebakarreko independentzia aldarrikapenak" izango dira.

'Rato auzia' dela eta, oposizioa azalpen eske

Mariano Rajoyk azalpenak eman beharko ditu Kongresuan 'Rato auzia'ren harira. Atzo zabaldu zen berria: Alderdi Popularreko ministro eta Nazioarteko Diru Funtseko buru izandakoak amnistia fiskalari heldu zion ezkutuan zuen dirutza deklaratzeko. Horrez gain, Iruzurraren kontrako Bulegoak dirua zuritu dutelakoan susmopean dituen 700 zergadunen artean dago Rato. Oposizioak azalpenak eskatuko dizkio gaur bertan Rajoyri. Atzo garrantzia kendu zioten gaiari Alderdi Popularreko iturriek, Cristobal Montoro Ogasun ministroak kasu.

Draghi ezustean harrapatu du Femen-ek

Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentea ezustean harrapatu zuen atzo Femen talde feministako aktibista batek. Ekonomialariak ostegunetako prentsaurrekoa eskaintzen ari zela, konfetia bota zion, "Europako Banku Zentralaren diktadura" amaitzeko oihuak egiten zituen bitartean. Sustoa pasatuta, Espainiari lanpostu gehiago sortzea eta merkatuaren bikoiztasuna murriztea eskatu zion.

Mario Draghi incidente gertakaria Europako Bankua BCE. EFE

Mario Draghi incidente gertakaria Europako Bankua BCE. EFE

Kolonbia su-etena, bertan behera?

FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko su-etena baliteke hautsita egotea. Hala iragarri du Juan Manuel Santos presidenteak, gerrillariek 11 militar hil eta gero. Hiru hilabete iraun du bakeak: FARCeko gerrillariek eta Kolonbiako Armadak erasoei ekingo diete berriz. FARCek gertatutakoaren txostena egiteko eskatu dio nazioarteari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak