Politika -

Bigarren Mundu Gerra

Gernika batailoiaren aldeko omenaldia, Graveko gatazkatik 70 urtera

Iñigo Urkulluk eta Alain Rousset Akitaniako Kontseiluko buruak, besteak beste, parte hartu dute alemaniarren kontrako borrokan lagundu zuten euskal gudarien aldeko omenaldian.

Gernika batailoiaren aldeko omenaldia, Graveko gatazkatik 70 urtera

1:29

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak bidalitako ordezkaritza batek, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, Akitaniako erakunde gorenetako ordezkariekin batera, Alain Roussetek gidatuta, Gernika batailoiko gudariak omendu dituzte gaur, larunbata, Graveko gatazkatik 70 urte bete diren honetan.

Goizean, Somaliako eta Frantziako 90 urteko hiru soldadu omendu dituzte, beste 400 pertsona ere, guztiak boluntarioak, eta sei egun iraun zuen gatazkan parte hartu zutenak, Bigarren Mundu Gerran eskualdea askatzeko borrokan.

Bazkalostean, 'Gernika' batailoiaren parte hartzea ere eskertu dute. 200 lagunek osatu zuten taldea; horietatik bost hil ziren, bi leku horretantxe, Vendais-Montalivet udalerrian, hain zuzen. Gainera, 23 euskal gudari zauritu ziren.

Gaur, 70 urte geroago, eta lehenengoz, Francisco Perez 94 urteko gudari bizkaitarra eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan dira omenaldian. Gainera, politikako eta kulturako zenbait ordezkarik ere parte hartu dute, gudarien hainbat ondorengoez gain.

Lehendakariaren hitzetan, "demokrazia eta askatasuna izan dira beti gure herriaren aldarria. Hemen dugu froga. Hemen, ikurrin honen atzean 200 euskal gaztek dena eman zuten maite zuten askatasunaren alde".

"Beraien balioak sustatu, zabaldu eta areagotu behar ditugu. Hau da egungo omenaldirik hoberena. Elkartasuna eta elkarlana, bakea eta bizikidetza, demokrazia eta askatasuna", gaineratu du Urkulluk.

Era berean, omenaldian Andres Prieto sozialistaren izena entzun da; baita Kepa Ordoki EAEren Gernika batailoiko komandante eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren izenak ere. Agirrek batailoia bultzatu zuen erbestetik, askatasunaren alde egin zezaten.

Lehendakaria, ondoan Alain Rousset duela, omenaldian. Irudia: Irekia

Lehendakaria, ondoan Alain Rousset duela, omenaldian. Irudia: Irekia

Lehendakaria, ondoan Alain Rousset duela, omenaldian. Irudia: Irekia

Gernika batailoia

1944an, erbesteratutako Eusko Jaurlaritzak, Agirre lehendakaria buruan, gudari ohiak biltzeko eta Gernika batailoia sortzeko agindu zion Kepa Ordoki gudarien ofizial ohiari, aliatuei beren gerra ahaleginetan laguntzeko. Gernika batailoia sorturik, batailoikideak Médoc-eko guda-oinerantz abiatu ziren frantses osteen Carnot Brigadan sartzeko.

Brigadaren helburua zen Frantziako hego-mendebaldeko Grave penintsula osoa askatzea. Hango lubakietan 4.000 soldadu nazi zeuden, alemaniarren erresistentzia-poltsa gisa, Bordeleko portua blokeatzen, hiria mehatxupean jartzen eta aliatuen zuzkidura eragozten.

Borrokak 1945eko apirilaren 14an hasi ziren eta zazpi egunez iraun zuten, apirilaren 20ra arte. Bost gudari hil ziren eta 35 zauritu ziren. Bataila Graveko tropa alemaniarrak errenditu zirenean amaitu zen. Apirilaren 22an, De Gaulle jeneralak tropak ikuskatu zituen, ikurrinari agur egin zion eta adierazi zuen "Frantziak ez duela inoiz ahaztuko euskaldunek lurralde hau askatzeko egin dituzten esfortzu eta sakrifizioak".

Gudariak, Bigarren Mundu Gerraren garaiko jantziekin. Irudia: Irekia

Gudariak, Bigarren Mundu Gerraren garaiko jantziekin. Irudia: Irekia

Gudariak, Bigarren Mundu Gerraren garaiko jantziekin. Irudia: Irekia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza berriak Iparraldea