Politika -
Diputatuen Kongresua
Kongresuak ez ditu ETAren krimenak 'genozidio'tzat jo nahi izan
Hala, Justiziaren esku utzi du ETAren krimenak genozidioa edo gizateriaren kontrako krimenak izan ote ziren erabakitzea.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Diputatuen Kongresuak erabaki du, aldeko 276 botorekin eta kontrako 34rekin, Justiziaren esku uztea ETAren krimenak genozidioa edo gizateriaren kontrako krimenak ote ziren ebazteko ardura.
Gaur onartutako mozioa PPk, PSOEk, UPNk, CCk eta Foro Asturiasek sinatu dute, UPyDk sartutako bat moldatuta. Izan ere, "ezker abertzaleak eta bere beso armatuak, ETAk, egindako genozidio ekintzak, gizateriaren kontrako krimenak eta garbiketa nazionala" gaitzestea eskatzen zuen Rosa Diez buru duen alderdiak.
Hala eta guztiz ere, atzoko eztabaidan (bozketa gaur egin dute) talde gehienak testu horren kontra agertu ziren, nahiz eta UPyDk Nafarroako Parlamentuaren bidea jarraitu nahi izan, aurreko hilean ETAren ekintzak gizateriaren kontrako krimen gisa zigortzea onartu baitzuen ebazpen batean.
Azkenean, UPyDk onartu egin du gainerako taldeen testu alternatiboa, eta horixe izan da aurrera atera dena.
Testuan, Kongresuak ETAren krimenak, egileak, eta EAEn eta Nafarroan babestu zituztenak gaitzetsi ditu.
Era berean, "Justiziaren jarduna" babesten du, "krimen guztiak argitzeko eta juridikoki genozidio edo gizateriaren kontrako krimen delituak diren ebazteko".
Bestalde, Herriaren Defendatzaileari eskatzen dio ikerketa bat egin dezala "delitu horien biktimen giza eskubideen urraketen" inguruan.