Politika -

Kontrolerako saioa

Euskadirekin 'konplitu'ko duen estatu eredua defendatu du Urkulluk

Estatuarekin akordioa lortzearen alde agertu da. Halaber, Espainiako Gobernuaren 'konpromiso eza'ren ondorioz, autogobernuaren alorrean galdutako legegintzaldia izan dela deitoratu du.

Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia: EiTB
Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia: EiTB
Euskadiri agindu diona beteko duen Estatu bat nahi du Urkulluk

00:52

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, berak defendatzen duen eredu juridiko-politikoaren oinarria Euskadiri agindu diona beteko duen Estatua izango da. Lehendakariaren esanetan, autogobernuaren alorrean galdutako legegintzaldia izan da Espainiako Gobernuaren "konpromiso eza"ren ondorioz.

Urkulluk horrela erantzun dio Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin dion interpelazioari.

Eroso sentituko litzatekeen estatu eredua nolakoa izango zen azaltzeko eskatu dio Maneirok Urkulluri. Halaber, "argitasunez" hitz egiteko eta bere proposamena aurrera ateratzeko nori begiratzen dion esateko ere erregutu dio.

Lehendakariaren esanetan, eztabaida horretako "gakoa" Espainiak eredu egoki gisa erabakitzen duen horrekin Euskadik izan behar duen harremana eztabaidatzea da. "Izan ere, guztiontzako eredu berdina ezartzearen formulak porrot egin du", gaineratu du.

Estatuarekin akordioa lortzeko bere konpromisoa berretsi du eta Espainiako Gobernuaren "konpromiso ezaren" ondorioz, euskal autogobernuaren alorrean galdutako legegintzaldia izan dela deitoratu du.

Ildo horretan, Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutua ez duela betetzen salatu du eta gaineratu du, proposatzen duen eredu horretan, Estatuak euskal autogobernua bete eta errespetatu beharko lukeela. "Agindutakoa beteko duen Estatu bat nahi dugu, Euskadiren gaitasuna bermatuko duena behin eta berriz epaitegietara jo beharrik ez izateko. Itun politikoak betetzen direla bermatuko duen Estatu eredu bat nahi dugu", azpimarratu du.

Haren esanetan, bere proposamena "errealista" da eta Euskadiri autogobernu handiagoa eta Europan ahots propioa izatea aitortuko dion "aldebiko harreman eraginkorra" erdiestea du helburu.

Bestalde, azpimarratu du Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean lortu behar dela gai horri buruzko akordioa, euskal gizarteari galdetu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu