Politika -
Kartel polemikoa
Gipuzkoako Ogasuna ETArekin alderatzen duen satira bat egin du EGIk
Aberastasunaren gaineko zerga 'iraultza zerga'rekin konparatzen duten kartelak ipini ditu EAJren gazte taldeak Donostian. Gipuzkoako Diputazioa epaitegietara jotzea aztertzen ari da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ETAren arteko alderaketa "satirikoa" egiten duten kartelak jarri ditu EGI EAJren gazte taldeak Donostiako kaleetan.
Diputazioak azaldu duenez, EGIren aurkako neurri judizialak hartzen aztertzen ari dira Diputazioko zerbitzu juridikoak, "delitu zantzu argiak" daudela iritzita.
Karteletan gizon trajedun bat ikus daiteke, aurpegia estalita, soinean txapela bat eta eskuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren logoa duen diruz betetako maleta bat duela. Aipaturiko gizonak, eskuko hatzekin pistola bat irudikatuz, mehatxu egiten dio besoak igota dituen herritar bati. Alboan, gazte batek mezu hau idatzita duen kartel bati eusten dio: "@Gipuzker: iraultza zergatik gure zergekin iraultza egitera. #Gipuzkoaberria".
Aldundiak salatu duenez, EGIk sinatutako kartelak erakundea zein bertako langileak kriminalizatzen ditu eta gaineratu du zerga iruzurra justifikatzeko balio duela.
Foru erakundearen esanetan, gisa horretako planteamenduak ez dira solidarioak eta kaltegarriak dira herritarrentzat eta, bereziki, babesik gabe daudenentzat.
"Herritar guztiok gure zerga betebeharrak betetzea defendatzen du Gobernu honek, beti ere bakoitzak duen gaitasuna kontuan hartuta, harik eta Gipuzkoa solidarioago eta bidezkoago bat eraikitzeko", gaineratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Foru erakundeak bere babesa eskaini die Ogasuneko langileei eta ohartarazi du "irmotasunez" jokatuko duela. Bestalde, "pasarte tamalgarri hori berehalakoan arbuiatzeko eta horrelakoak berriro ez gertatzeko alderdi barruan neurriak hartzeko eskatu dio EAJri.
Kanpaina, bertan behera
Piztu den polemikaren ondorioz, EGIk kanpaina erretiratzea erabaki du. Ohar batean, hala ere, Gipuzkoako Aldundiak kanpainaren interpretazio "okerra eta testinguruz kanpokoa" egin duela adierazi dute EAJko gazteek.
Gertakariak baloratzeko ezker abertzaleak duen jarreraz bere harridura agertu du EGIk.
"Kritikak eurek egiten dituztenean, ez dago mugarik; baina kritiken jomuga direnean, sentsibilitate izugarria erakutsi eta epaitegiekin mehatxu egiten dute", salatu du EGIk.
Ezker abertzaleak kritikak jasotzeko "gaitasun eza" erakutsi duela azpimarratu dute.