Politika -
Istiluak Gasteizen
ErNEk Ertzaintzako zuzendaria egin du Gasteizko borrokaren erantzule
Gervasio Gabirondo kargutik kentzeko eskatu dio sindikatuak Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ErNE sindikatuak Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria egin du Gasteizen Alaveseko eta Betiseko jarraitzaileen artean izandako borrokaren erantzule, "arrisku handiko partida zela kontuan ez hartzeagatik".
Borrokak eguerdia baino lehen hasi dira Gasteizko Gaztela kalean, eta zibil jantzita zegoen ertzain batek hainbat tiro egin ditu airera, jendea sakabanatzeko, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Alaves eta Betis taldeek arratsaldean jokatu duten partidaren atarian jazo dira liskarrak.
Ohar batean, ErNE sindikatuak "prebisio falta" izatea egotzi dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, futbol partida hori kontrolatzeko nahikoa ertzain aurreikusi ez zituelako.
Sindikatuak Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria jo du erantzule eta bere politikekin "gaurkoa bezalako kaos egoerak" sortzen dituela salatu du. Ildo horretan, Gabirondo kargutik kentzeko eskatu dio Estefan Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari.
ErNEk azpimarratu du zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek airera egindako tiroek "tragedia" bat gertatzea saihestu dutela. Halaber, sindikatuak zorionak eman dizkie esku hartu behar izan duten ertzainei.