Politika -

Erasoa jaietan

Gazte talde batek EAJko kide bat 'jipoitu' zuen Andoainen

Gertakariak gaitzesteko adierazpen bat adosteko Bozeramaileen Batzordea deitzea eskatu zion EAJk alkateari asteartean, baina Ana Karrerek uko egin zion eta horrek polemika sortu du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoaingo EAJk salatu duenez, gazte talde batek alderdiko kide bat “iraindu, mehatxatu eta jipoitu” zuen. Zentzu horretan, Ana Karrere (Bildu) Andoaingo alkateak gertakariak gaitzesteko Bozeramaileen Batzorde bat ez deitzea kritikatu dute jeltzaleek.

Erasoa Santa Cruz jaietan gertatu zen, iragan asteburuan. Gazteek EAJko kide ezagun bati eraso egin zioten. Biktima jeltzaleak anonimatua mantendu nahi du. Erasoan EAJko kidea lurrera erori zen, alderdiko iturriek jakitera eman dutenez.

Biktima ospitalean artatu behar izan zuten eta ondoren gertakariak salatu zituen Ertzaintzaren aurrean.

Polemika politikoa

Erasoaren berri izan eta gero, gertakariak gaitzesteko adierazpen bat adosteko premiazko Bozeramaileen Batzorde bat deitzea eskatu zion Andoaingo EAJk Ana Karrere alkateari asteartean. PSE-EEk eta PPk eskakizunarekin bat egin zuten.

Hala ere, deialdia egiteko arrazoirik ikusten ez zuela adierazi zuen Karrerek. Horrek herria “aztoratu” zezakeela argudiatu zuen alkateak, iturriek azaldu dutenez.

Erantzunaren aurrean, alkatearen “koldarkeria” salatu zuen Andoaingo EAJk agiri batean. “Gertakari deitoragarriak berriro ez gertatzeko” gaitzespena beharrezkoa dela uste dute jeltzaleek.

Oposizioaren gaitzespena

Horrela, erasoa gaitzesteko agiri bateratua sinatu dute gaur Andoaingo Udalaren oposizioko taldeek. “Adierazpen instituzional” bat aurrera ateratzea ezinezkoa izan da Bilduren ezezkoagatik, oposizioak salatu duenez.

Bilduk gertakarietatik “aldentzeko aukera ona galdu” duela esan du Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) presidenteak.

Eraso “larria” izan dela adierazi du Egibarrek prentsaurrekoan, Donostian. EAJko kideari “arrazoi politikoengatik eraso” ziotela salatu du GBBko buruzagiak, “testuingurua, biraoak eta erasoa bera politikoak direlako”.

EH Bildu: "Ez du politikarekin zerikusirik"

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak, ostera, erasoak “arrazoi edo gai politikoekin zerikusirik ez” duela azaldu du. Urizarren hitzetan, EAJk “existitzen ez den zerbait salatu nahi izan du”, eta bere “urduritasuna” agertu du.

Koalizio abertzaleak duen informazioaren arabera, istilua “jai giroan gertatutako zoritxarreko borrokaldia edo iskanbila bat baino ez zen izan”, Urizarrek prentsaurrekoan, Donostian, azaldu duenez. EH Bilduko legebiltzarkidearen ahotan, polemika “EAJren urduritasunaren zantzu da”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Gaurko albisteak Gipuzkoa EH Bildu Gipuzkoa