Politika -

Gasteizko 'Herri harresia'

Esteban, Robles eta Zaldibar Zaballako espetxera eraman dituzte

Hiru gazteak atzo atzeman zituen Ertzaintzak, Gasteizen, atxiloketak oztopatzeko eratutako "herri harresia" indarrez desegin eta gero.

Ertzaintzak 'herri harresia' inguratu du. Argazkia: EiTB
Ertzaintzak 'herri harresia' inguratu du. Argazkia: EiTB
Segi kasuko 3 gazteak atxilotu ditu Ertzaintzak

1:25

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibon Esteban, Igarki Robles eta Aiala Zaldibar gazteak Zaballako espetxera eraman dituzte, Segiko kide izatea egotzita Auzitegi Nazionalak ezarritako sei urteko espetxe zigorra bete dezaten, atzo Ertzaintzak atxilotu eta gero.

Hain zuzen ere, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan atzeman zituzten atzo, atxiloketak oztopatzeko helburuz 150-200 pertsonak osatutako "herri harresia" indarrez desegin ostean.

Auzitegi Nazionalak zazpi gazte kondenatu zituen maiatzaren 6an. Horietako lau egun horretan bertan atxilotu zituzten, eta beste hirurak (Esteban, Robles eta Zaldibar) aipatutako plazan izan dira igandetik astelehenera, ehunka pertsonak babestuta.

Erresitentzia pasiboa eta baketsua eginez, Ertzaintzak kondenatuak atxilotzea oztopatzea izan dute helburu plazara bertaratutakoek.

Hori horrela, gutxienez Ertzaintzaren 18 furgoneta joan ziren plazara atzo goizean, eta "herri harresia" osatu zuten 150-200 pertsonak arrastaka atera zituzten, banan-banan.

Operazioa gogorra eta tentsio handikoa izan zen. Izan ere, gazteek erresistentzia pasibo irmoa egin zuten, eta ertzainek indarra eta borrak erabili zituzten. Ondorioz, hainbat pertsona zauritu ziren, 60 inguru, hainbat iturriren arabera, eta horietako batzuk ospitalera eraman behar izan zituzten. Gainera, Segurtasun Sailak esan du 17 ertzaina zauritu zirela.

Esteban, Robles eta Zaldibar gazteez gain, Ertzaintzak beste 12 pertsona atxilotu eta beste hiru inputatu zituen, agenteei erasotzea eta aurre egitea egotzita.

EAEko Polizia autonomikoa 07:45ean iritsi zen plazara, eta 09:00etan ekin zion "herri harresia" desegiteari. Agenteek bi ordu eta erdi behar izan zituzten kondenatuak atxilotzeko.

Besteak beste, "euskal gazteria aurrera", "ez gaituzue atxilotuko" eta "zuek, faxistak, zarete terroristak" aldarriak oihukatu zituzten gazteek.

Atxiloketen ostean, 100dik gora pertsonak elkarretaratzea egin zuten Espainia Plazan, polizia operazioa salatzeko.

"Martxa laranja"

Giza harresia igandean abiatu zuten Andre Maria Zuriaren plazan. Aldez aurretik, manifestazioa egin zuten, "eskubide zibilen eta politikoen alde" eta espetxe zigor horien aurka.

Hainbat ordezkari politikok deialdiarekin bat egin zuten, tartean Hasier Arraiz Sortuko presidenteak eta EH Bilduko hainbat kidek eta datozen hauteskundeetarako hautagai askok.

'Disidente izaten jarraituko dugu'

Manifestazioaren ostean, jasotako "babesa, berotasuna eta elkartasuna" eskertu zuten antolatzaileek, eta salbuespen politikak bertan behera utzi arte borrokan jarraitzeko deia egin zuten.

"Ez dugu onartzen euskal herritarrak atxilotzen, torturatzen eta espetxeratzen jarraitzea; disidente izaten jarraituko dugu", ohartarazi zuten.

Halaber, "gatazka politikoa konpontzeko urrats praktikoak" behar direla azpimarratu zuten. "Espetxeak husteko garaia da", nabarmendu zuten.

Erreakzioak

Hasiera Arraiz EH Bilduren legebiltzarkide eta Sorturen presidenteak "gordintasun osoarekin" salatu zituen atxiloketak, eta "berriro Espainiako Estatuaren errepresio estrategiaren betearazle gisa jokatzea" egotzi zion EAJri.

Ezker abertzalearen buruzagiak azaldu zuenez, "zoritxarrez, kamiseta ugari odolarekin zikindu dituzte justifikaezina den poliziaren indarkeriaren ondorioz". "Batzuek iraganeko eskenatokietara eraman nahi gaituzte, injustuak diren zigorrekin gure gazteriaren etorkizuna hipotekatu nahian, atxiloketa arbitrarioekin, eta soberan dauden iraganeko jarrera eta estrategiekin", gaineratu zuen.

Bestalde, Roberto Uriarte Euskadiko Ahal Duguren idazkari nagusiak esan zuen bere alderdiak ez duela "zerikusirik Segiren, Bilduren eta indarkeriaren oinordekoen munduarekin", baina "poliziaren indarkeria" gaitzetsi zuen.

Azkenik, Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak 'herri harresia'n parte hartu zutenen "jarrera onartezina, antidemokratikoa eta indarkeria" salatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Gasteiz berriak Zaldibar