Politika -
Eguneko lerroburuak
M24aren ondorengo itunak, FIFA eta etxebizitza, eguneko protagonistak
Eguna hasi aurretik irakurri behar dituzun bost albisteak.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
FIFAko hainbat buruzagi atxilotu dituzte Suitzan
Suitzako agintariek FIFAko hainbat buruzagi atxilotu dituzte gaur goizean, AEBko Justiziak eskatuta, ustelkeria egotzita, The New York Times egunkariak jakinarazi duenez. Segurtasun Indarrak Baur au Lac bost izarreko hotelera joan dira, eta bertan egin dituzte atxiloketak.
Fiskaltzak hurrengo orduetan iragarriko du zer egozten dien. Antza denez, iruzur elektronikoa egitea, dirua zuritzea eta estortsioa egitea leporatuko diete. 10 pertsona inguru atxilotzeko agindua eman dute.
PSE-EEren lehenengo balorazioa
EAJk PSE-EEren zain jarraitzen du erakundeetan gobernuak osatzeko akordio orokor bat egiterik dagoen edo ez argitzeko. Andoni Ortuzar EAJko presidenteak adierazi du sozialistek lehenengo argitu egin behar dutela zein den EAJren aurrean duten jarrera.
Euskadiko PSE-EEko zuzendaritzak atzo egin zuen bilera, eta gaur prentsaurrekoa eskainiko du udal eta foru hauteskundeen emaitzak baloratzeko.
Radio Euskadin, "Ganbara" saioan, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren burua hitz egiteko ?prest? azaldu da. Arriolaren arabera, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernuek ?ondo funtzionatu? dutela erakutsi dute aurretik ere.
Barkos, ?aldaketaren? Gobernua zuzentzeko ?prest?
Nafarroan, gaur hasiko da ofizialki Gobernu berria osatzeko bilera-erronda. Uxue Barkos Geroa Baiko presidentegaiak Izquierda-Ezkerrarekin egingo du lehen batzarra. Koalizio ezkertiarrak aurreratu du prest dagoela Nafarroan eta Iruñean aldaketa bultzatzeko. Geroa Baik sanferminen aurretik izan nahiko luke Gobernua eratuta.
Aguirreren eskaintzari ?ezezko biribila? eman dio PSOEk
Esperanza Aguirre PPko Madrilgo presidenteak hiriburuko aginteari eusteko azken ahalegina egin zuen atzo: PSOEri eta Ciudadanosi Ahora Madriden aurkako ituna proposatu die. Aguirre bera alkate ez izateko prest ere agertu da itun hori aurrera eramateko. Proposamenak ez du asko iraun, ordea, sozialistek ezezko biribilarekin erantzun baitote.
Bestalde, hauteskundeek lurrikara eragin dute Espainiako PPn, Mariano Rajoyren lidergoa kolokan jartzeraino. PPren norabidea aldatzearen alde agertu dira PPko goi-kargudun ezagunak; Alberto Fabra Valentziako burua, Juanma Moreno Andaluziakoa, Juan Ramon Bauza Balearretakoa eta Juan Vicente Herrera Gaztela eta Leongo presidentea, besteak beste.
Etxebizitza Legea Legebiltzarrera iritsiko da
Eusko Legebiltzarreko Etxebizitza Batzordean, PSE-EEk, EH Bilduk eta UPyDk adostutako Etxebizitza lege-proposamena dute onartzekoa gaur.
Ezusterik ez badago, hiru alderdi horien aldeko botoak jasoko ditu lege-proposamenak, eta, ondoren, Legebiltzarraren osoko bilkurak berretsi beharko du.
Testuinguru honetan, Auzitegi Konstituzionalak atzo ebatzi zuen ezin zaizkiela bankuei etxebizitzak kendu, eta Espainiako Gobernuak Andaluziako Etxebizitza Legearen kontra jarritako helegitea onartu zuen.