Politika -
Eguneko lerroburuak
ETAren aurkako operazioa eta arartekoaren izendapena, titularretan
Ostegun honi ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.
EITB.EUS
ETAren kontrako operazioa
Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak etxe bat miatu dute Biarritzen, ETAren biltegi bat delakoan, eta horren jabea, emakumezko bat, eta horren bikotekidea atxilotu dituzte, talde armatuarekin kolaboratzea egotzita.
Gainera, iturri juridikoek jakinarazi dutenez, agenteek armak eta lehergailuak egiteko materiala atzeman dituzte. Operazioa ETAk "2014an sortutako talde tekniko-logistikoaren aurka" abiatu dute Segurtasun Indarrek, Espainiako Barne Ministerioaren esanetan.
Ararteko berria izendatu du Eusko Legebiltzarrak
Ararteko berria izendatu du Eusko Legebiltzarrak gaur: Manu Lezertua. Iñigo Lamarcaren, 10 urtez karguan izan denaren, lekua hartuko du.
EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin onartu dute Lezertua. Ararteko izendatzeko, legebiltzarkideen hiru bostenen gehiengoa behar zuen; bestela esanda, 45 boto. Jeltzaleen, sozialisten eta popularren babesa jaso du: 53 boto. EH Bilduk berak aurkeztu duen hautagaiari eman dio botoa, eta UPyDk boto zuria eman du.
Manu Lezertua Rodriguez 57 urteko legelari bilbotarra da. Eusko Jaurlaritzako legelaria izan zen, ia 30 urte daramatza Europako Giza Eskubideen Auzitegian lanean, eta Europako Kontseiluko goi mailako funtzionarioa izan da azken urteetan.
'Aldaketarako akordioa'n PSN sartzearen alde daude
Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerra bat datoz: M24ko hauteskundeek argi utzi dute herritarrek "Nafarroan aldaketaren aldeko aldarria" egin dutela.
Hala, Uxue Barkos eta Jose Miguel Nuin buruzagien ustez, UPN eta PP ez beste alderdiek aldaketa hori baliatzeko "akordio programatikoa" adostu behar dute. Akordio horretan, PSNk ere egon beharko luke, bien hitzetan.
Barkosek eta Nuinek bilera egin dute Nafarroako Parlamentuan; Nafarroako Gobernua aldatzeko asmoz Geroa Baik gainerako alderdiekin abiatu dituen bileren artean lehena. Bien aburuz, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu Nafarroa, PSN eta I-Eren 33 parlamentariek babestuko luketen akordio bat izango litzateke "modurik onena aldaketa arrakastatsua izateko".
Alderdi guztiekin hitz egiteko 'prest' dago PSE-EE, 'EAJrekin bereziki'
Alderdi guztiekin hitz egiteko ''prest'' agertu da PSE-EE, ''EAJrekin bereziki''. Hala ere, EH Bildurekin edota PPrekin itunik egitea ''zaila'' izango dela aurreratu dute sozialistek. PSE-EEk ''erantzukizunez'' jokatuko duela esan du Miguel Angel Morales Antolakuntza idazkariak. ''Gobernu sendoak behar ditugu, eta, horrela, gobernagarritasuna bultzatuko dugu'', erantsi du.
Kutxabankek bere kontseilari delegatua izendatuko du gaur
Kutxabakeko Administrazio Kontseiluak bankuko kontseilari delegatua izendatuko du ostegun honetan. Ofizialki ez da izenik eman, baina Javier García de Lurueña izan daitekeela zabaldu da azken asteotan, EFEren arabera.
Orain arte, bankuan ez zegoen horrelako kargurik.