Politika -

Eguneko ALBISTEAK

Himnoaren kontrako txistualdia eta Cerveraren epaiketa, izenburutan

Asteleheneko izenburu nagusiak, horra.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Himnoaren kontrako txistualdia

Espainiako Gobernuak Indarkeriaren kontrako Batzordea deitu du astelehen honetarako, Athleticek eta Bartzelonak Nou Camp zelaian jokatutako Errege Kopako finalean Espainiako himnoari egindako txistualdia dela eta.

Gobernu zentralak jakitera eman duenez, ''jarrera desegokiak salatzeko'' deitu du Batzordea, eta ''legezkoak diren zigorrak ezartzeko, indarrean dagoen legedia errespetatzeko asmoz''.

Eusko Jaurlaritzaren iritzian, Athletic eta Bartzelona zigortzea "hanka-sartzea litzateke". "Auzi sozio-politiko baten aurrean gaude, eta horrek bestelako hausnarketa mereziko luke arlo politikoan eta sozialean", esan du Jaurlaritzak.

Cerveraren aurkako epaiketa

Santiago Cervera PPko diputatu ohiaren aurkako epaiketa gaur hasiko da. Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxaren (CAN) presidenteari ustez xantaia egitea leporatzen diote. Akusazio partikularrak, Asiainek berak, 14 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du. Fiskalak eta defentsak, ostera, absoluzioa eskatu dute.

Ahozko saioa ekainaren 1ean, 2an eta 3an egingo dute Iruñeko Justizia Jauregian, Nafarroako Auzitegi Nagusiak agiri baten bidez zabaldu duenez. Saioa Zigor Gaietarako 3. Epaitegiko magistratuak zuzenduko du.

Gertakariak 2012ko abenduan jazo ziren. Gutun-azal batean 25.000 euro sartu eta Iruñeko harresiko zirrikitu batean uzteko eskatu zion mezu elektroniko anonimo bat jaso zuela salatu zuen Asiainek, abokatu gisa Nafarroako Kutxari diru-kopuru handiak fakturatu zizkiola argitaratzeko mehatxupean.

Euskarazko Lanbide Heziketaren aldeko aldarria, Ibilaldian

Milaka eta milaka euskaltzale izan ziren Ibilaldia Bizkaiko ikastolen aldeko 37. jaialdiak egokitutako ibilbidean, Bilbon. Giroa ezin hobea izan zen egun osoan, eta antolatutako ekintza guztiak burutu ziren, 'Harro ibili' aurtengo lelopean. Ikastolen elkarteak balorazio oso positiboa egin zuen, aurreikuspenak bete egin baitziren.

Aurtengo hitzorduan euskarazko Lanbide Heziketa aldarrikatu zuten. Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak esan zuenez, Lanbide Heziketaren zikloren bat egiten ari diren euskal ikasleen % 26k euskaraz egiten du. Euskara sustatzeko bidean "urrats garrantzitsuak eman dira" Lanbide Heziketan, ikasgaien % 80 euskaraz eskaintzen baitira. "Arazoa da", sailburuordearen esanetan, "ikasleek ez dutela euskarazko lanbide hezkuntza aukeratzen, gero eta gehiago egin arren, eta horren laurden bat D ereduan dago jada". "D eredura igarotzeko urrats hori erraztu nahi dugu orain. Datorren ikasturterako, B eredua eskainiko dugu aurreneko aldiz, hau da, irakasgaien erdiak euskaraz, eta beste erdiak gaztelaniaz", aurreratu zuen.

Zentro-ezkerra garaile, Italian

Zentro-ezkerrak irabazi zituen atzo Italian egindako eskualde hauteskundeak, bozak izan ziren zazpi eskualdetako bostetan gailenduta. Matteo Renziren Alderdi Demokratak nabarmen galdu ditu botoak, Europako Hauteskundeetako emaitzekin alderatuta.

Umbria, Markak, Apulia eta Toscana eskualdeetan, esaterako, Alderdi Europarrak botoen % 23 eskuratu ditu. Europako hauteskundeetan bozen % 40 lortu zituen.

Behin betiko emaitzak oraindik kaleratu ez badituzte ere, lehen datuen arabera, zentro-ezkerrak historikoki berea izan den eskualde bat galduko du: Liguria. Zentro-eskuinak irabazi du eskualde horretan; Giovanni Totik, Berlusconiren konfiantzazko gizonak, hain zuzen.

Olaizola II.ak eta Bengoetxea VI.ak jokatuko dute Buruz Buruko finala

Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea izango dira aurtengo Buruz Buruko Txapelketako finaleko protagonistak. Biek elkarren aurka jokatzen duten lehen Buruz Buruko finala izango da, eta Olaizola II.a bosgarren txapela lortzeko lehiatuko da.

Goizuetarrak Juan Martinez de Irujori 22 eta 15 gailenduta lortu zuen atzo finalerako txartela. Aimar partida hasieratik nagusitu zen, eta markagailuan aurretik izan zen beti, bi pilotariek huts ugari egin zituzten arren.

Finala ekainaren 14an jokatuko da, baina oraindik ez dute erabaki non izango den.

Osasuna jaitsiera postuetatik irten da

Jaitsiera postuak atzean utzi ditu Osasunak, Recreativoren aurkako garaipenari (2-0) eta Racingen porrotari esker. Azken jardunaldian, gorritxoek nahikoa izango dute berdinketa mailari eusteko.

Hil edo biziko partida, ia 18.000 zaleren aurrean jokatu zen, Sadarren. Osasuna nagusi izan zen lehen zatian, eta kontrolpean izan zuen neurketa hasieratik. Hala ere, 10. minutuan, Menosseren burukada baten bidez, Recreativo ezustekoa emateko zorian egon zen.

Jokaldi erabakigarriena atsedenaldia heldu baino hiru minutu lehenago etorri zen. David Garciak lehenengo golaren jokaldia errepikatu zuen, eta barrura bidali zuen baloia. Horrela, lasai joan ziren gorritxoak aldageletara, eta emaitzari eusten jakin zuten bigarren partean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak