Politika -
Eguneko lerroburuak
EAJ-PSE negoziazioak eta txistuak himnoari, protagonista
Hauek dira astearte honi ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Negoziazioak, abian
Udal eta foru gobernu "sendoak" lortze aldera, gaur dira hastekoak EAJ eta PSE-EE alderdien arteko negoziazioak. Bilera eguerdian egingo dute, Sabin Etxean (Bilbo).
EAJren izenean ondokoak egongo dira batzarrean: Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, Koldo Mediavilla Arlo Instituzionaleko burua, Joseba Aurrekoetxea Antolaketa zuzendaria eta lurraldeetako buruzagiak: hau da, Xabier Agirre (Araba), Joseba Egibar (Gipuzkoa) eta Itxaso Atutxa (Bizkaia).
Sozialisten aldetik, honakoak izango dira mahaiaren bueltan: Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Miguel Angel Morales Antolaketa zuzendaria, Begoña Gil Politika Instituzionaleko burua eta lurraldeetako zuzendariak; Cristina Gonzalez (Araba), Iñaki Arriola (Gipuzkoa) eta Mikel Torres (Bizkaia), hain zuzen.
Informazio gehiago bildu nahian
Larunbatean Nou Camp futbol zelaian, Athleticek eta Bartzelonak jokatutako Kopako finalean, gertatutakoaren inguruko informazioa eskatu dio Indarkeria, Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako Espainiako Gobernuaren Batzordeak Poliziari.
Horrez gain, informazio-espedientea zabaldu die Espainiako himnoari txistu egitea sustatu zutenei. Zigorrak jartzea aztertzen ari direla ohartarazi die Athletic eta Bartzelona klubei eta Espainiako Futbol Federazioari.
Informazio guztia bildutakoan, Estatuko Fiskaltza Nagusiari helaraziko dio delitu zantzuak ote dauden zehatz dezan.
458 lagun zeramatzan ontzia, hondoratuta
Bidaiarien ontzi bat hondoratu da bart Txinan, Yangzi ibaian. Itsasontzian 458 lagun zihoazen, gehienak 50-80 urte arteko turista txinatarrak, Xinhua albiste agentzia ofizialak jakinarazi duenez.
Txinako Gobernuaren arabera, bost lagun hil dira eta beste 12 onik atera dituzte, tartean kapitaina eta makinaburua. Lehenengoa atxilotu egin dutela esan dute. Horien hitzetan, zikloi batek bete-betean harrapatu du ontzia, eta horren ondorioz hondoratu da.
Mugaritz, munduko seigarren jatetxe onena
Restaurant Magazine gastronomia aldizkari ezagunak munduko jatetxe onenen zerrenda jakinarazi du. Euskal gastronomiak emaitza ona eskuratu du, betiko moduan. Hala, Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxea seigarren postuan ageri da, iaz bezala. Eneko Atxak Larrabetzun (Bizkaia) duen Azurmendik gorakada galanta erdietsi du: 26. postutik 19ra igo da.
Dena dela, igoerarik handiena Bittor Arginzoniz Etxebarri erretegiko buruak lortu du, 34.etik 13ra igo baita. Juan Mari Arzakek eta Elena alabak behera egin dute zerrendan (8tik 17ra) eta Martin Berasategui lehenengo 50en artetik desagertu da, 61. postua erdietsi baitu oraingoan (iaz 34. zegoen).
Bilbao Basket eta Laboral Kutxa, play-off etatik kanpo
Dominion Bilbao Basket eta Laboral Kutxa ez dira Liga eskuratzeko lehian izango, galdu egin baitute Valencia Basket eta Unicaja taldeen kontra, hurrenez hurren. Hori horrela, titulua eskuratzeko borrokan, finalerdietan, bi partida hauek jokatuko dira: Real Madrid-Valencia Basket eta Bartzelona-Unicaja.
Miribillan jokatutako partidak emozioa eta berdintasuna izan ditu nagusi. Dena dela, Valentziako taldeak Dominion Bilbao Basketek baino hobeto kudeatu ditu azken minutuak, eta finalerdietarako txartela eskuratu du azkenean.
Baskoniak Malagan jokatutako partida parekatuagoa izan da lehen laurdenean, baina azken laurdenean suspertu egin da Unicaja, eta berak erdietsi du garaipena.