Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
EiTBren erreformarako batzordearen aurka egin dute EAJk eta EH Bilduk
Bi taldeon iritzian, batzordearen mahaia eratzeko erabili den prozedurak Eusko Legebiltzarreko Araudia urratzen du, ez baitu ordezkaritza printzipioa betetzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EiTBren erreformarako joan den astean Eusko Legebiltzarrean eratutako batzorde bereziaren osaketa prozeduraren aurka egin dute EAJk eta EH Bilduk, Legebiltzarraren araudia urratzen eta ordezkaritza printzipioa ez duelako betetzen argudiatuta.
Batzordearen mahaiaren osaketa ostegunean egin zen. EAJren arabera, lehendik izenpetuta dagoen akordio baten arabera, batzorde berezi horretako mahaiko presidenteak EAJkoa izan behar du, presidenteordeak EH Bildukoa eta idazkariak PSEkoa.
Mahaia osatzeko bozketa osatzeko ordua iritsi zenean baina, hainbat taldek ukatu egin zuten akordio hori izenpetuta zegoela, eta boto-papera erabilita, bozketa egin zuten; Rodolfo Ares (PSE) aukeratu zuten presidente, Nerea Llanos (PP) presidenteorde eta Gorka Maneiro (UPyD) idazkari.
Ostegunean bertan, EAJk eta EH Bilduk salatu zuten batzordearen osaketa prozedurak ez zituela errespetatzen Eusko Legebiltzarren Araudiaren 60. eta 42. artikuluak. Besteak beste, artikulu horietan jasotzen denez, akordioetarako boto-haztatua erabiltzea jasotzen da, akordioetan Legebiltzarraren indar-banaketa bermatzeko.
EAJk eta EH Bilduk salatu dutenez, batzordearen mahaia boto-paper bidez osatu zuten, eta beraz, "araudia urratu". Hori kontuan hartuta, batzordearen osaketa bertan behera uzteko eskatu diote Legebiltzarreko Mahaiari. Halaber, batzorde bereziaren mahaia berriro osatzeko saio berri bat deitzea eskatu dute, batzordekideak berriro erabakitzeko, oraingoan, boto-haztatu bidez.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak eskari hau aintzat hartuko ez balu, jeltzaleen iragarri dute ez dutela baztertzen Auzitegi Konstituzionalera jotzea.