Politika -
Deialdia
Jaurlaritzak ez du debekatuko Fan Hemendikek Oñatin deitutako protesta
Carmelo Barrio popularrak ekitaldia debekatzeko eskatu dio Beltran de Heredia sailburuari, "iraingarria" izango delakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Fan Hemendik' taldeak Oñatiko Guardia Zibilaren polizia-etxearen aurrean deitutako ekitaldia ez debekatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, ez baitu deialdian delitu zantzurik atzeman.
Gaur Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Carmelo Barrioren (PP) galdera bati erantzun dio Legebiltzarreko kontrol saioan. Barriok ‘Fan Hemendik’en ekitaldia debekatzeko eskatu dio Beltran de Herediari, “iraingarria” delakoan”.
“Oñati gorrotoaren hiriburu bihurtu nahi dute”, esan du Barriok ‘Fan Hemendik’ek deitutako giza kateaz. Talde horrek Guardia Zibilari Euskal Herritik alde egiteko eskatuz kanpaina abian jarri du.
Mota horretako ekitaldien kudeaketan Ertzaintzak “eskarmentu handia” daukala esan dio Beltran de Herediak Carmelo Barriori. “Badaki legea nola aplikatu behar duen”, erantsi du.
Ekitaldi horren inguruan ez duela “delitu zantzurik” atzeman berretsi du eta, hortaz, ezin duela aurretik ekitaldia debekatu gaineratu du.