Politika -
Eguneko lerroburuak
Rajoyren aldaketak, Nafarroa eta egonkortasunerako itunak, albiste
Asteazkenari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
PSE-EE, 'egonkortasuna' bermatzeko prest
Udal eta foru gobernuetan "egonkortasuna" bermatzeko prest agertu da PSE-EE, EAJrekin ostiralean itxitako ituna berretsita. Gasteizko Udalean izango duten jarrerari buruz galdetuta, Idoia Mendia euskal sozialisten buruak ez zuen askorik argitu. "Egonkortasuna" bermatuko dutela esan bai, baina ez zuen argitu sozialistak gobernuan sartuko diren.
Bestalde, Ana Otadui batzarkide jeltzalea aukeratu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente, gehiengo osoz. Otaduik Ana Madariaga 12 urtez karguan izan den presidentea ordezkatuko du. PPk salbu, gainerako lau alderdiek (EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Ahal Dugu) ordezkaritza izango dute Mahaian.
Gaur osatuko dute Nafarroako Parlamentua
Dena ondo bidean, Ainhoa Aznarez Nafarroako Ahal Duguren parlamentaria izango da Nafarroako Parlamentuko lehendakaria. Foru ganbera 11:00etan eratuko dute, eta, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak lortutako akordioari esker, Geroa Baikoa izango da lehendakariordea eta EH Bildukoa idazkaria.
Aldaketak gaur jakinaraziko ditu Rajoyk
Espainiako Gobernuan eta Alderdi Popularrean egin asmo dituen aldaketak jakinaraziko dizkio Mariano Rajoy presidenteak Felipe VI.a erregeari, ondoren publiko egiteko. Aurrez zabaldu denaren arabera, Soraya Saez de Santamaria presidenteordeari eta Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiari boterea murriztuko die. Alfonso Alonso Osasun ministroaren izena da kiniela guztietan gehien agertzen dena. Alderdi Popularrean aparteko indarra eduki duen Esperanza Aguirrek ere iragarpena egin zuen atzo: ez dela Madrilgo hautagai berriro izango. Hauteskunde kanpainan kale egin zuela aitortu zuen, gainera.
Unio eta Convergencia alderdien krisia
Unio Democratica de Catalunya (UDC) eta Convergencia (CDC) Kataluniako alderdiek duela 37 urte izenpetu zuten aliantza haustear egon liteke. Unioko militanteek Convergenciak eta ERCk adostutako bide orriaren kontra egin zuten igandean, horren alde agertu zirenekiko aldea oso estua izan bazen ere. Hain justu, Masek emandako hiru eguneko epearen baitan, gaur bilduko da Unio Democratica de Catalunyako zuzendaritza.
Maider Undak brontzezkoa lortu du
Maider Undak brontzezko domina irabazi du Bakun (Azerbaijan), Europar Jokoetan, 75 kilo baino gutxiagoko mailan. Arabarrak Alemaniako Maria Selmaier gainditu du hirugarren posturako lehian (3-1). Undak ezin izan zuen finalerako txartela eskuratu, Bielorrusiako Vasilisa Marzaliukek mendean (1-3) hartu baitzuen finalerdietan.