Politika -
PRESOAK
Espainiako eta Frantziako epaileek ETAko presoen egoera aztertuko dute
Bilera egingo dute gaur Parisen, eta Europar Batasuneko zigor ebazpenak aitortzeko legea hartuko dute hizpide.
ERREDAKZIOA | AGENTZIAK
Espainiako eta Frantziako epaileek eta fiskalek bilera egingo dute gaur Parisen, ETAko presoen egoera aztertzeko, Europa Press agentziak jakinarazi duenez.
Besteak beste, Europar Batasuneko zigor ebazpenak aitortzeko legea aztertuko dute. Lege horren arabera, estatu kide batean zigorra betetzen ari diren presoak beste estatu kide batera eraman ditzakete; hau da, Frantzian preso dauden ETAko kideak Espainiako espetxeetara eraman ditzakete.
Aipatutako agentziak azaldu duenez, gaurko bilera hainbat hilabetez izan dira prestatzen, modu zuhurrean. Dena dela, hitzordua ez dela sekretua gaineratu du.
Espainiatik hauek joango dira: Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko fiskalburua, Angel Yuste Espetxe Zuzendaritzako idazkaria, Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epailea, Jose Maria Vazquez Honrubia Zigor arloko epailea eta Javier Gomez Bermudez Espainiaren eta Frantziaren arteko lotura epailea.
Zigor ebazpenak aitortzeko legea urrian onartu zuten Diputatuen Kongresuan, eta urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. Orain arte, estatu kide bateko zigorra bete eta gero eramaten zuten presoa beste estatu kide batera, estatu horretan ere beste zigorren bat bete behar bazuen.
Une honetan, ETAko 95 preso inguru daude Frantziako espetxeetan, baina askok ez dute Espainiaratzea nahi, bertako legedia zorrotzagoa baita.
Iazko udan, Frantziak Euskal Herritik gertuago dagoen espetxe batera eraman zituen Oier Ardanaz eta Alexander Akarregi presoak. Hain zuzen, Mont de Marsan Landetako udalerriko kartzelara eraman zituzten Paristik. Nolanahi ere, harrezkero agintariek ez dute beste mugimendurik egin esparru horretan.