Politika -
Datozen hauteskundeetarako
Sanchez Moncloarako hautagai izendatu du PSOEko Batzorde Federalak
Datozen hauteskunde orokorretarako PSOEren zerrendaburua izango da Pedro Sanchez. Oraingoan ez dute hauteskunde primariorik egin, inork ez baitu hautagai izateko babes nahikorik lortu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez datozen hauteskundeetarako Gobernuko Presidentziarako hautagai izendatu du PSOEko Batzorde Federalak igande honetan, militantziaren erabakia berretsita. Oraingoan ez dute hauteskunde primariorik egin (uztailaren 26rako deituta zeuden), inork ez baitu hautagai izateko babes nahikorik lortu.
Gauzak horrela, PSOEren organorik gorenak sozialisten burua izendatu du ofizialki. Sanchez duela urtebete baino gutxiago iritsi izan zen Idazkaritza Nagusira, militantek hala erabakita. Orduan bai izan ziren beste hautagai batzuk, zehazki, bi: Eduardo Madina diputatua eta Ezker Sozialistaren buru Jose Antonio Perez Tapias. Hirurak hauteskunde primarioetan lehiatu ziren, alderdiaren afiliatu guztiek parte hartu zutela.
Price Zirku-Antzokian bildutako Batzorde Federalak hautagai izendatu ostean, Sanchezek hitzaldia eskainiko du 2.000 gonbidatuen aurrean, eta Gobernuko Presidentziarako hautagai bezala egindako lehen hitzaldia izango da.
Hainbat sozialista bildu dira bertan, tartean, PSOEren baroiak, Alfredo Perez Rubalcaba idazkari nagusi ohia, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidente ohia eta Alfonso Guerra presidenteorde ohia. Agenda arazoak direla medio, Felipe Gonzalez ez da bertan izango.
'Politikari garbia naiz'
Horrela, Pedro Sanchezek hitzaldia eman du, eta publikoaren aurrean iragarri duenez, ustelkeriaren aurkako borrokan irmo arituko da, demokraziaren "etsaia" baita, eta horren aurrean "erantzutea" beharrezkoa delako.
Sanchezek aitortu duenez, batzuetan "oker ibili gara" ustelkeria etsai politikoaren kontua bakarrik zela pentsatuta. "Ez da nahikoa ustelkeriaren aurka nazkatuta gaudela adieraztea", esan du PSOEko buruak, "oposizioko alderdietako militante gehienak zintzoak direla aitortzeko garaia da".
Sozialisten liderrak adierazi duenez, ustelkeriak ez du eragin bera pertsona guztiengan, eta alderdi guztiek ez dute berdin erantzuten. "Baina demokraziak komuneko etsaia du, eta hori ustelkeria da", gaineratu du.
"Politikari garbia naiz. Hori dela eta, zein den zintzoena eztabaidatu beharrean, ustelkeria prebenitzen, horren aurka borrokatzen eta hori zigortzen nire ahaleginik handiena egingo dut Gobernutik", hitzeman du.