Politika -
Txio 'umiliagarriak'
Zapatak uztailaren 7an deklaratuko du, inputatu gisa
Biktimak umiliatzea egotzita deklaratuko du. Egun berean, Irene Villa ETAren biktima ere galdekatuko du, kasu honetan lekuko moduan.
Agentziak | Erredakzioa
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu gisa deklaratzera deitu du Guillermo Zapata Ahora Madrid koalizioko zinegotzia, 2011n egindako txio batzuetan biktimak umiliatu zituelakoan. Zapata uztailaren 7an joan beharko da Auzitegi Nazionalera.
Ostegun honetan kaleratutako autoan, Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztutako kereila tramitera onartu, eta, Fiskaltzak eskatu bezala, deklaratzera deitu du Zapata, 2011ko urtarrilaren 31n Twitter sare sozialaren bidez bota zituen mezu "umiliagarri eta iraingarriengatik".
Egun berean, zinegotzia baino ordu laurden geroago, Irene Villa ETAko biktima galdekatuko du epaileak, lekuko gisa. Dena dela, Villak data aldatzeko eskubidea dauka, Zapatarekin bat ez egiteko.
Blanca Rodriguez Auzitegi Nazionaleko fiskalaren ustez, Zapatak Villari buruz botatako iruzkina "objetiboki umiliagarria eta iraingarria da bereziki aipatzen den biktimarentzat, baina orokorrean ETA erakunde terroristaren biktima izan diren guztientzat". Zinegotziak honakoa kaleratu zuen Twitterren: "Alcasserko haurren hilerria itxi behar izan dute Irene Villa ordezko piezen bila joan ez dadin". Terrorismoa goraipatzea eta biktimak umiliatzearen delitua egiteagatik, bi urte arteko kartzela-zigorra aurreikusten du Legeak.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak atzo eskatu zuen Zapata inputatzea. Erabakiak polemika handia eragin du eta asko dira zinegotziaren alde mintzatu direnak, tartean, Ada Colau Bartzelonako alkatea: