Politika -
Eraso jihadistak
Eusko Jaurlaritzak alerta maila areagotu du atentatuen ondoren
Estatu osoan hartutako segurtasun neurriekin bat egin du Gasteizko Exekutiboak; izan ere, terrorismoaren aurkako alerta maila ertainetik handira igo du Espainiako Gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Terrorismoaren aurkako alerta laugarren mailara igotzeko agindua eman du Segurtasun Sailak. Eskalak bost maila ditu. Frantzian, Tunisian eta Kuwaiten egindako erasoen ondoren erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak.
Horrela, Estatu osoan hartutako segurtasun neurriekin bat egin du Gasteizko Exekutiboak; izan ere, terrorismoaren aurkako alerta maila ertainetik handira igo du Espainiako Gobernuak, Segurtasun Sailak agiri batean jakitera eman duenez.
Ia aldi berean Frantzian, Tunisian eta Kuwaiten gertatu diren erasoak aztertu ondoren agindua eman du Segurtasun Sailak. Erasoetan gutxienez 54 pertsona hil dituzte. ?Biztanleriaren kontrako erasoak orokortzeko estrategia baten parte izan daitezke atentatuak?, Jaurlaritzak ohartarazi duenez.
Zaintza eta babes dispositiboak areagotuko dituzte
Honenbestez, jendetza bildu ohi den tokietan zaintza eta babesa dispositiboak indartuko ditu Ertzaintzak berehala, baita azpiegitura kritikoetan eta estrategikoetan.
Neurri konkretuak martxan dira dagoeneko, eta indarrean egongo dira arrisku egoerak iraun bitartean.
Gobernu Kontseiluak islamismo erradikalari aurre egiteko egitasmo estrategikoa aurkeztu zuen iragan asteartean. Plana Ertzaintzaren Kontseiluari igorriko diote datozen egunetan.