Politika -
Alderdi Popularra
Rajoy: 'Ez dut uste nire lidergoa ezbaian dagoenik'
Espainiako gobernuburuak nabarmendu duenez, alderdiaren "gehiengo zabal baten babesa" du eta "oso eroso" dago buruzagitzan.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ez du uste Alderdi Popularrean duen lidergoa "ezbaian" dagoenik; are gehiago, alderdiaren "gehiengo zabal baten babesa" duela eta buruzagitzan "oso eroso" dagoela azpimarratu du.
Cope irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, udal eta foru hauteskundeen emaitzen balorazioa eta Espainiako hauteskunde orokorren aurreikuspena egin du Rajoyk. Horren hitzetan, alderdiak "aurrera begiratu behar du" eta udazkeneko hauteskundeak irabazten saiatu behar da. "Jo eta su ari gara lanean", esan du.
Rajoyren iritzian, bi arrazoi daude PPren boto galeraren atzean: batetik, "krisia eta horri aurre egiteko hartutako neurriak", eta, bestetik, PPri eragin dion ustelkeria. "Orain espainiarrak konbentzitu behar ditugu, badagoela PPren alde egiteko arrazoirik", gaineratu du.
Galdetuko babesa berreskuratzeko denborarik izango ote duen galdetuta, "gobernuaren zeregina zehaztu eta herritarrei azaltzea" da gakoa, eta horretarako denbora nahikoa dagoela berretsi du. Horren ildoan, Espainiako aurrekontu proiektua prest duela iragarri, eta aurkezteko asmoa duela nabarmendu du.