Politika -
Hauteskunde orokorrak
Olabarria eta Anasagasti ez dira EAJren hautagaiak izango
2015eko udazkenean egin beharreko hauteskundeetara aurkezteko hautagaien proposamena igorri die EAJk udal elkarte jeltzaleei. Mikel Legarda eta Pilar Ardanza nobedadeak dira zerrendetan.
Agentziak | Erredakzioa
2015eko udazkenean egin beharreko hauteskunde orokorretara aurkezteko hautagaien proposamena igorri die EAJk udal elkarteei, alderdiko zuzendaritzak iragan astelehenean onartu ondoren. Emilio Olabarria ez da berriro hautagai izango, ezta Iñaki Anasagasti eta Rut Martinez ere. Mikel Legarda eta Pilar Ardanza nobedade nagusiak dira zerrendetan.
Azken hauteskundeetan, 2011ko azaroaren 20an, bost diputatu eta bost senatari lortu zituzten jeltzaleek. Eusko Legebiltzarrak zuzenean EAJko beste senatari bat izendatu zuen.
Bizkaia
EAJko iturriek Europa Press albiste-agentziari baieztatu diotenez, Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) proposamenak Aitor Esteban bozeramailea, Pedro Azpiazu eta Isabel Sanchez Robles diputatuak mantentzen ditu. Sanchez Robles Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatua da asteazkenetik, eta hautagaitzari uko egingo dio seguruenik. Jose Escribano (Galdakaoko alkate ohia) eta Javier Aldamizetxebarria ere proposatu dituzte.
Senatuko zerrendan Pilar Ardanza Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatu ohia da nobedade nagusia, eta Jose Maria Cazalis mantentzen dute jeltzaleek.
Gipuzkoa
Joseba Agirretxea berriz izango da Gipuzkoako zerrendan. Era berean, Kongresuko hautagaitza, besteak beste, Luke Uribe-Etxebarriak eta Estitxu Alkortak osatuko dute.
Maria Eugenia Iparragirre senatariak Senatuko zerrendan errepikatuko du. Irune Berasaluzek eta Edurne Egañak ere lekua izango dute.
Araba
Araban, Emilio Olabarriaren tokia Mikel Legarda Segurtasun sailburuorde ohiarekin beteko du EAJk. Joseba Diez eta Irantzu Allende ere hautagai izango dira. Senaturako, besteak beste, Miguel Garay, Juan Carlos Martinez eta Almudena Otaola proposatu ditu EBBk.
Nafarroa
Nahiz eta Nafarroarako zerrenda bat osatu (Daniel Innerarity filosofoa eta Peio Aierdi soziologoa), EAJk Geroa Bai koalizioarekin bat egingo du seguruenik foru erkidegoan.