Politika -
PP-ren salaketa
Tania Sanchezen aurkako salaketa artxibatu dute zantzu faltagatik
Hala, epaileak amaitutzat jo du PPk prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta eragimen-trafikoa egotzita Madrilgo Erkidegorako IUren hautagai ohiaren kontra abiatutako auzibidea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arganda del Reyko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 6 Zenbakiko Epaitegiak artxibatu egin du PPk Tania Sanchez Madrilgo Erkidegorako IUren hautagai ohiaren aurka abiatutako auzibidea. Rivas-Vaciamadrideko zinegotzi izan zen garaian udaleko hainbat kontratu nebaren kooperatibari esleitzea egotzi zioten Tania Sanchezi.
Ekainaren 30ean kaleratutako autoan epaileak itxitzat eman ditu Pedro del Cura Sanchez Rivas-Vaciamadrideko alkatearen eta Tania Sanchezen aitaren eta Hector Sanchez nebaren kontrako prozedura judizialak.
Alderdi Popularrak salaketa aurkeztu zuen hainbat pertsonaren kontra (Tania Sanchezen kontra, besteak beste), prebarikazioa, influentzia trafikoa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta, popularren esanetan, Udalak Aupa kooperatibari esleitutako kontratu batzuetan delitu zantzuak zeudelako.
Rivaseko Kultura zinegotzi izan zen garaian, nebari 137.000 euroko kontratua esleitzea leporatu zioten Tania Sanchezi. Hala ere, popularren salaketaren arabera, kontratuen zenbatekoa 1,2 milioi eurokoa izan zen.
Inputatuei deklarazioa hartu ostean, epaileak salaketa artxibatzea erabaki du, ikertutako delituak egin direla frogatzeko nahikoa zantzu ez dagoela argudiatuta. Halaber, ez du tramitera onartu du Alderdi Popularrak kereila zabaltzeko egindako eskaera.