Politika -
Herri Kontuen Epaitegia
Herri Kontuen Epaitegiko kideen 'zintzotasuna' nabarmendu du Urkulluk
Jose Luis Bilbao zerga erakundearen presidenteak eta presidenteordeak karguaren zina egin dute Ajuria Enean.
Agentziak | Erredazkioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegia osatzen duten zazpi kideen "zintzotasuna, profesionaltasuna eta jarrera arduratsua" nabarmendu ditu gaur Iñigo Urkullu lehendakariak erakunde horretako presidente eta presidenteordearen kargu-hartze ekitaldian.
Ajuria Enean egindako ekitaldian, Jose Luis Bilbao eta Jose Angel Quintanilla presidente eta presidenteorde izendatu dituzte, hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzako sailburuak lagun zituela, Iñigo Urkullu lehendakaria izan da ekitaldiko buru, eta Eusko Legebiltzarrak erakunde hori zuzentzeko aukeratutako bi pertsonak "profesional beteak" direla eta "jarrera arduratsua eta zintzoa" dutela nabarmendu du.
"Hala Jose Luis Bilbaok nola Jose Angel Quintanillak frogatu dute badutela ardura instituzionalak betetzeko gaitasuna, eta badakitela egiten. Ondo prestatutako pertsonak dira, ekonomiaren kudeaketa ezagutzen dutenak, eta argi erakutsi dute zerbitzu publikorako bokazioa eta dedikazioa dutela", esan du lehendakariak.
Horrez gain, aurretik izan diren pertsonen lana eskertzeko baliatu du Urkulluk ekitaldia. Haren hitzetan, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren ibilbidea erakundean lan egiten dutenek eta erakundea zuzentzeko ardura dutenek eraiki dute, "buru-belarri aritu direlako lanean eta lan eredugarria egin dutelako". "Lehendakari naizen neurrian, haien esperientzia eta ibilbide profesional eta instituzionala aitortu nahi ditut, gure herriarentzat emankorrak izan direlako oso", adierazi du Urkulluk. Urkulluren hitzetan, gizarteak "gardentasun eta eredugarritasun maila handia" eskatzen die diru publikoa kudeatzen duten erakundeei, eta, ildo horretan, "konfiantza eta segurtasuna" agertu ditu Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren osaketari dagokionez.
Lehendakariaren arabera, zerga erakunde honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango du "eraginkortasuna eta efizientzia" hobetzeko.